25/06/13

Osasun publikoa defendatu dute sindikatuek eta plataformek Eusko Legebiltzarrean, eta osasun arretaren pribatizazioaz ohartarazi dute

  • Ordezkaritza bat Legebiltzarreko taldeekin bildu da, gaixotasun arruntagatiko bajen kontrolean mutuei botere handiagoa emango liekeen balizko akordio bati buruz ohartarazteko.
  • Sindikatuak kezkatuta agertu dira akordio horren ondorioengatik, mutuek langileen historia klinikoak eskuratzea, alta medikoak bizkortzea eta baliabide publikoak osasun pribatura desbideratzea barne hartuko lituzkeelako, eta horrek desberdintasun sozialak larriagotu eta osasun publikoa ahuldu dezakeelako.

2025eko ekainaren 12an, osteguna, ELA, ESK, LSB-USO, CGT, Steilas eta CNT sindikatuek eta osasun publikoaren aldeko plataformen koordinatzaileak (OPAk) osatutako intersindikala Eusko Legebiltzarrera joan gara talde parlamentario ezberdinekin biltzeko. Gaia aztertzeko bilera egitea onartu duten taldeak EAJ-PNV, EH Bildu, PP eta Suma izan dira, eta PSEk agenda arrazoiak argudiatu ditu ez biltzeko.

Bilera horietan gure kezka adierazi nahi izan dugu akordio baten aurrean, mutualitateek kontrol-mekanismo gehiago erabil ditzaten gaixotasun arruntagatiko bajetan dauden langileen gainean, bereziki traumatologia-jatorriko langileen gainean. Guztiei honako hau jakinarazi zaie:

Patronalak eta gobernuak urteak daramatzate langileak kriminalizatzeko kanpaina betean. Lanera ez joateko arrazoi nagusia iruzurra dela argudiatu dute; horregatik, behin eta berriz erabiltzen dute absentismo hitza, inolako daturik eman gabe.

CCOO eta UGT sindikatuek erosi diete eztabaida-esparru hori, eta, horregatik, 2023an adostu zuten CEOE eta CEPYME patronalekin osasun publikoa pribatizatzea, langileen hainbat gaixotasun arrunten kudeaketa mutuei emanez.

Langileen kriminalizazio hori aitzakiatzat hartuta, kontrol-mekanismoak mutualitateei zuzentzen ari zaizkie, gaixorik dauden langileak lanera lehenbailehen joatera behartzeko. Akordioa testuinguru horretan ulertu behar da.

Akordio iraingarri hori gauzatzeko, ezinbestekoa da lankidetza-hitzarmen bat sinatzea osasun-sistema bakoitzaren, gure kasuan Osakidetzaren, Nafarroako Osasun Zerbitzuaren eta mutuen artean. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak oraindik ez diote uko egin horrelako akordio bat sinatzeari.

Erabaki hau emateak ondorio hauek izango ditu:

  • Mutuek presio-mekanismo gehiago izango lituzkete altak aurreratzeko hainbat gaixotasun arruntetan, bereziki traumatologikoetan.
  • Mutuek osasun-sistema publikoko langileen historia kliniko osoa eskura izango lukete.
  • Mutualitateek are gehiago indartu lezakete laneko gaixotasunak izan beharko luketen zenbait gaitz ezkutuan mantentzea, osasun-sistema publikora desbideratuz.
  • Mutualitateen bidez baliabide ekonomiko publikoak osasun pribatura bideratzeak aurrerapauso handia emango du.

Osasunari buruzko Lege Orokorrean ezartzen den bezala, mutuen baliabideak osasun publikora bideratu beharko lirateke, biztanleria osoaren arreta hobetu eta bizkortu ahal izateko. Osasun-arretaren pribatizazioak gizarte-desberdintasunak areagotzen ditu, eta kontrako bidea egin behar da. Gogoratu behar da mutualitateak ugazaben elkarte pribatuak direla, enpresen interesak eta langileen gaineko osasun-kontrola defendatzeko sortuak, Gizarte Segurantzak ematen dien posizio pribilegiatu bati esker.

Arestian aipatutakoa sinatu genuen sindikatu guztiok eskaera zuzena egiten diegu Eusko Legebiltzarreko alderdi politikoei (aurreko Nafarroako Parlamentuak egin zuen) publikoki adieraz dezaten EAEn akordio hau gauzatzearen aurka daudela.

Agenda

Ez dago ekitaldirik

Irakurriena