26/02/16

Duin bizitzea ahalbidetzen duen gutxieneko soldata baten alde. Martxoak 17, Greba Orokorra

  • CNTk martxoaren 17ko Greba Orokorra babestuko du.
  • Hurrengo lerroetan CNT Gipuzkoa eta CNT Bilboren komunikatua irakur daiteke

CNTren ustez, gutxieneko soldata igotzea ez da beharrezkoa bakarrik, premiazkoa ere da. Arrazoi ekonomiko eta sozial nahikoak daude eskakizun horri eusteko, eta egunez egun Euskal Herriko langile klasearen errealitate materialak hori berresten du.

Martxoaren 17an gelditzeko arrazoiak daude. Grebara deitzen ditugu langileak, modu aktiboan parte har dezaten.Euskal Herriko bizitzaren kostua Estatu osokoa baino nabarmen handiagoa da. Etxebizitzak, energiak, elikadurak eta oinarrizko zerbitzuek soldaten zati gero eta handiagoa hartzen dute, eta bereziki eragiten diete soldata apalenak dituztenei. Estatu espainiar osorako gutxieneko soldata uniformea mantentzeak, errealitate horretatik kanpo, erosteko ahalmenaren egiturazko galera normaltzat hartzea eta prekarietate kronikoko egoerak sendotzea dakar.

Ikuspegi anarkosindikalista batetik, ezinbestekoa da eztabaidaren esparrua behar bezala kokatzea. Gutxieneko soldata ez da kontu tekniko edo administratibo hutsa, eta ezin da konpondu eremu instituzional itxietan. Batez ere, kapital-lan gatazkaren beste eremu bat da. Gutxieneko soldata propio batek balio behar du kapitalak bere gain har ditzan gaur egun langileengan deskargatzen dituen kostuak: etxebizitzaren garestitzea, erosketa-saskiaren igoera, zerbitzu publikoen narriadura... Bizitza kostuaren eta beste lurralde batzuen arteko diferentziala ez da garrantzirik gabekoa, baizik eta onurak pribatizatzen eta galerak sozializatzen dituen eredu ekonomiko baten ondorio zuzena. Patronalak aldizka kexatzen dira lurralde horretako soldatak, batez beste, Estatuko gainerako lurraldeetakoak baino handiagoak direlako, baina azkar ahazten dute bizitzaren kostua are handiagoa dela, eta gainera azken urteetan handitu egin dela.

Testuinguru horretan, gatazka honen konponbidea itun sozialaren edo Estatuaren ustezko borondatearen esku uztearen arriskuez ohartarazten dugu. Esperientziak erakusten du mekanismo horiek gatazka desaktibatzeko joera dutela, langileen interesak oreka politikoen mende jarriz eta patronalaren eta sindikatu instituzionalizatuen aldeko negoziazio-esparruak indartuz.

Behetik egindako presio antolatu eta iraunkorrik gabe, ez dago aurrerapen errealik, ezta iraunkorrik ere. Martxoaren 17an, besteak beste, ELAk eta LABek Confebask eta CEN patronalei eta Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari 1.500 euroko gutxieneko soldataren alde presioa egiteko deialdia egin zuten, eztabaida Parlamentuko bidetik itxi ondoren. Blokeo horrek berriro ere agerian utzi du Legebiltzarrak ez duela espazio neutral gisa jokatzen, baizik eta jabeen eta enpresarien interesen zerbitzura dagoen erakunde gisa. Aldi berean, itun soziala deritzona langileen aldarrikapenak geldiarazteko eta neutralizatzeko tresna gisa finkatzen da, kapitalarentzat kaltegarriak ez diren esparruetara desbideratuz.

Ikuspegi hori kontutan harturik, martxoaren 17a beharrezkoa den 24 orduko lanuzte gisa ulertzen dugu, lehen urrats gisa, baina exijentziaz aztertu behar da. Greba bat langile klasearen tresna ahaltsua da eta, horregatik, hain zuzen ere, ezin da gauzatu lantokietan benetako antolakuntzarik gabe; era berean, ez da mugatu behar greba inpaktu mediatikoko keinu bat izatera bakarrik. Hemendik greba eguna heltzen den bitartean, latokietan eta kalean lan sindikala egiteko aukera dago, ohiko espazio militanteetatik haratago. Lantokietan ez bada greba egiteko lana errotzen, presio-gaitasuna murriztu egiten da, eta grebak eraginkortasuna galtzen du borroka kolektiborako tresna gisa.

Helburua irabaztea bada, ezinbestekoa da manifestazio handietatik harago joatea; enpresarien errepresalien aurrean babes handiagoa duten zentroen itxiera puntualetik harago joatea. Grebaren helburua ekoizpen-sarea modu eraginkorrean gelditzea izan behar da, egun batez bada ere. Eta, geldialdi-maila hori lortzen ez bada, gutxienez langile antolakuntza indartzeko balio behar du: langileen batzarrak sortzea, gutxieneko soldataren igoeran eta, hedaduraz, soldaten igoeran aurrera nola egin eztabaidatzeko. Antolamenduaren indartze hori gabe, zilegi da galdetzea zer lortzen den benetan egun bakar batean geldituta.

CNTk ikuspegi kritiko eta praktiko batekin aztertzen du egoera hori. CNTk greban aktiboki parte hartzeko dei argia egiten du, uste baitugu egungo Lanbide arteko Gutxieneko Soldatak ez dituela bizi-baldintza duinak bermatzen langile-klaseko sektore zabalentzat, batez ere prekarietate-maila handienak dituztenentzat. Gutxieneko soldata igotzea nahitaezko baldintza da, baina ez da nahikoa berez. Autoantolaketarako, mobilizaziorako eta gatazkarako estrategia zabalago baten parte izan behar du, gure bizi-baldintzen defentsa erakundeen edo bitartekarien esku uzten ez duena. LGSaren igoera ez da nahikoa, argi eta garbi, egiturazko beste neurri batzuekin batera ez badoa, hala nola KPI erreala kontutan hartzen duen prezioen kontrol eraginkorra, lanaldiaren murrizketa soldata-galerarik gabe, prekarietate-modu desberdinak ezabatzea, pentsio justu batzuk eta langile antolatuen erabakitzeko ahalmena indartzea. Elementu horiek gabe, gutxieneko soldataren edozein igoera azkar xurgatzeko arriskua dago, bizitzaren kostuaren garestitze orokortuaren ondorioz.

Soldaten benetako hobekuntza ez da kapitalak borondatez eskeinitakoagatik edo hauteskunde-promesetatik etorriko, baizik eta langile-klaseak bere burua antolatzeko, presioa egiteko eta gatazkari eusteko duen gaitasunetik. Eremu horretan, oinarrian, kokatzen eta kokatuko da CNTren militantzia.

Agenda

Ez dago ekitaldirik

Irakurriena