Uda heldu da; batzuentzako opor aldia, beste askorentzako, lan asko egiteko garaia. Hegazkinaren barruan zaude, irteteko zain. Resort batean egindako low-cost oporrak amaitu dira, zoritxarrez. Leihotik handling operario bat ikusten duzu, ekipaia hegazkinetik aireportuan dagoen maleta-batze lekura eramateko asmoz. Gurdian ez da ekipai guztia sartzen. Presaka egin behar du, enpresak finkatu duen lan erritmoa oso gogorra baita. Kurba bat hartu eta zenbait maleta erortzen dira. Haserretuta, langilea autotik jaitsi eta era txarrean eroritakoak berriro kokatzen ditu. Ostikadak barne.