22/05/16

Ez zaitzatela ekonomiarekin engainatu

Egilea Endika Alabort Amundarain

Argia aldizkarian argitaratua

Bizitzaren gauzak direla-eta, Ekonomia Politikoa ikasgaia lantzen ari naiz berriro. Ikasgai hori oso interesgarria izan daiteke, sistema ekonomikoak aztertzen dituen ekonomiaren adarra baita. Dena den, nire eskuetara heldu den materialean, azterketa makroekonomikoan “oreka” kontzeptua da nagusi, estatuaren papera keynestarra edo neoliberala da, eta sozialismoa Sobietar Batasuneko sistema ekonomikoa da, hots, planifikazio zentralizatu autoritarioa. Ikasgaia ortodoxia ekonomikoan oinarrituta dago, nahiz eta XXI. mendean argi geratu diren ikuspuntu horien gabeziak eta akatsak. Hori jakinda ere, akademian irakasten jarraitzen da, nire harridurarako.

Prestakuntza intelektualaren oinarriak funtsezkoak dira; feminismoak agerian utzi digunez, erabiltzen ditugun betaurrekoen arabera, munduaren ikuspegi bat ala beste izango dugu. Mundu hori eraldatzeko, betaurreko horiek baldintza batzuk jarriko dizkigute. Ekonomia Politikoaren alorrean, jasotako ikasketak zeintzuk diren identifikatzea garrantzitsua da. Zein pentsamolde edo ideologia daude atzean? Ideien pluraltasuna nagusi da, ikuspegi kritikoa sustatuz, ala era aseptiko eta zientifizista batean errealitate bakarra (edo bakar batzuk) landu dira?

Adibidez, lan arloan, merkatu horren orekan eragina dute gutxieneko soldatak eta sindikatuek. Oreka helburutzat hartuta, teoria neoklasikoa atzean izanik, bi elementu horien eragina negatiboa izango da, prezioaren orekatik eta kantitatearen orekatik aldenduz. Horren ondorioz, soldata altuago eta lan baldintza hobe batzuk negatiboak izango al dira, orduan? Norentzat? Gainera, frogatuta geratu da ezin daitekeela baieztatu gutxieneko soldataren hazkundeak enplegu mailan eragin negatiboa duenik.
Bestetik, merkatu marjinalistak ditugu, honen adibide esanguratsuena Europako merkatu elektrikoa izanik. Merkatu lehiakor bat marjinalista da: unitate guztiak merkatuan sartzen den azken unitateak ezartzen duen prezioan trukatzen dira. Ekonomia fakultateetan irakasten da, era akritiko batean, zeozer naturala izango balitz bezala. Elektrizitatearen prezioaren azken norabidea ikusita, baita honen atzean dauden interesak ezagututa ere, neutraltasunez jantzitako tresnaren alde ilunak pairatzen ari gara. Merkatu marjinalista lehiakorra baita, aditu (neoklasikoen) arabera.

Sozialismoarekin antzekoa gertatzen da. Ekonomia fakultate gehienetan, estatuak planifikazio zentrala aplikatzen duenean sozialismoa dela irakasten da. Merkatu “askearekin” kontrajartzen da, bi horien arteko erdibidea ekonomia mistoa izanik. Sinplifikazio horrek “sozialismoa edo askatasuna” lelo politikoa eta antzeko ergelkeriak hedatzen laguntzen du. Azken finean, logikoa dirudienak atzean karga ideologiko oso handia du.

Hori da ohiko ekonomista askoren azalpenen atzean dagoen logika. Errealitate ekonomikoaren konplexutasunak albo batera uztea, edo hitz teknikoekin aukera zehatz batzuk hautatzea, aukera ideologikoak direnak. Gaur egun, oraindik ere ekonomia irakasten denean, indarrean mantentzen da logika hori.

Ikuspegi integratzaileak behar ditugu, diziplina anitzekoak, konpartimentu independente eta isolatuak atzean uzten dituztenak. Ikuspegi murriztaileetan  txapelduna den ohiko zientzia ekonomikoa gainditu behar dugu. Joan Robinsonek aipatzen zuen moduan, ekonomia ikastearen helburua ez da galdera ekonomikoei aurrez egindako erantzunak eskuratzea, ekonomialariek engainatu ez gaitzaten ikastea baizik.

Agenda

Ez dago ekitaldirik

Irakurriena