25/05/26

Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza publikoa: sekulako aukera historikoa galdu da

  • CNT sindikatuko hezkuntza sektoreko langileek maiatzaren 9an Hezkuntza Sailak, Steilas, LAB, Interinok Taldea, CCOO eta UGT sinatutako akordioaren irakurketa kritikoa egin du.
  • "Akordio berria, hortaz, etsipen hutsa da aldaketa sakon baten aldekoak garenontzat", azpimarratu du erakunde anarkosindikalistak; "ez soilik eskaintzen dituen hobekuntza urriengatik, baizik eta mobilizazio kolektiboak piztutako ahalmen eraldatzailea lurperatzen duelako".

Hurrengo lerroetan ikuspegi anarkosindikalista batetik egindako analisia irakur daiteke

Azken hilabeteotan, EAEko hezkuntza publikoaren sektoreak azken hamarkadetako mobilizazio aldirik bizienetako bat bizi izan du. Greba-deialdi ugariek —dozena bat lanuzte eta mota askotako mobilizazioak barne— ez zuten soilik lan-baldintza zehatzei buruzko ezinegona erakusten; indarrean dagoen lan-harremanen eredua agortuta dagoela ere adierazi nahi zuten.

CNTtik ulertzen dugu borroka-ziklo horrek gizarte-eskaera zabalagoa islatzen zuela: alegia, hezkuntza-sistema gobernatzeko modua errotik aldatzeko eskaera, ikastetxeen autonomia handituz, irakasleei hitza itzuliz eta hezkuntza-komunitate osoa ahaldunduz. Grebek ez zituzten soilik soldata-hobekuntzak edo ratioen jaitsiera eskatzen; gure ikuspuntutik, hezkuntza publikoaren sektoreko lan-harremanetan prozesu eratzaile bat abiaraztea ere bazuten helburu. Testuinguru horretan, grebak konbikzio osoz babestu zituzten langile askok etsipen sakona bizi dute orain: euren esfortzua alferrikakoa izan dela sentitzen dute, bai eta, aldez aurretik erabakita zegoen eta langileen benetako parte-hartzerik izan ez duen negoziazio batean, presio-indar gisa erabiliak izan direla sentitu ere.

Izan ere, Hezkuntza Sailak eta sindikatu gehienek sinatu duten akordioak konponbide faltsu bat ekarri du. Hilabeteetako borrokaren ondoren, “historikotzat” jo duten akordio berriak mobilizazioak supituki desaktibatu ditu eta bertan behera utzi du iragarritako greba-egutegia. Aukera paregabea galdu da hezkuntza-sistemako lan- eta partaidetza-baldintza estrukturalak birpentsatzeko. Emaitza: hobekuntza puntual batzuk, baina inolako aldaketa sakonik gabe. Are gehiago, akordioak negoziazio-eredu bertikal eta itxia indartzen du, langileen parte-hartze zuzena edukiz hustuz.

Akordioa arrakasta gisa saldu dute: hiru urtean %7ko soldata-igoera, ratioen murrizketa sinbolikoak eta desburokratizaziorako hitzemate lausoak.  Sindikalismoaren ikuspegi demokratiko eta eraldatzaile batetik lan egiten dugunontzat, balantzea kezkagarria da.

Lehenik eta behin, edukiagatik. Ratioen jaitsiera ikasle 1 edo 2koa da etapa jakin batzuetan, eta oso modu mugatuan aplikatuko da. Desburokratizazio-neurriak aholku-batzordeetara mugatzen dira, benetako eraginkortasunerako bermerik gabe. Behin-behinekotasuna, sistemaren arazo larrienetako bat, bere horretan uzten da: ez dago behin-behineko irakasleentzako benetako finkatze-mekanismorik, ez eta prekarizazio-ereduari aurre egiten dion neurririk ere.

Bigarrenik, formagatik. Akordioa, enpresa-batzordeen ereduari jarraiki, ateak itxita negoziatu da. CNTtik eredu hori baztertu egiten dugu, daukan izaera ordezkari, delegatibo eta gardentasunik gabekoagatik. Erabaki nagusiak sindikatuen goi-karguen eta administrazioaren artean hartzen dira, behetik benetako kontrol-mekanismorik gabe. Kasu honetan, sindikatuek sinatzea erabaki aurretik, afiliatuek ez dute ez denborarik ez aukera errealik izan akordioaren edukia eztabaidatzeko edota onartzeko. Non dago langileen parte-hartze zuzena? Non erabakitzeko euren ahalmena?

Hirugarrenik, akordio honek ez du soilik mobilizazio-zikloa modu faltsuan itxi: gizarteak bere eskola publikoa defendatzeko aukera ere zapuztu du. Maiatzaren 10erako aurreikusten zen manifestazio jendetsuak gizarte osoa hezkuntza-sistemaren hondatze-prozesuaz interpelatzea zuen helburu. Akordioak bat-batean eten du indar hori, borroka amaitu dela iradokiz, benetan hasi ere egin ez zenean.

CNTtik uste dugu aukera historiko bat galdu dela sektore publikoko lan-harremanak birdefinitzeko. Gutxienekoen negoziazioaren alde egin da, hezkuntzaren kudeaketa autoritario eta burokratikoaren eredua aldatzeko inolako nahirik gabe. Parte-hartze handiago baterantz aurrera egin ordez, goitik beherako kontrola indartu egin da.

Akordioaren sinadurak sortutako ezinegona ez da kasualitatea. Egitura-arazo baten parte da: enpresa-batzordeen eredua bera, CNTtik zaharkitutzat eta autogestioaren, parte-hartzearen eta demokrazia zuzenaren aurkakotzat jotzen duguna.

Batzorde-sistemak ekintza sindikala ordezkaritza delegatura bideratzen du, eta lan-zentroetatik urruntzen da. Negoziazio kolektiboa zentralizatu egiten da, burokratizatu, eta plantillaren erabaki errealetatik aldentzen da. Hauteskunde sindikalek ekintza sindikala marka ideologikoen arteko lehiaketa bihurtzen dute, botere kolektiboaren eraikuntza-prozesu bihurtu beharrean. Ondorioz, administrazioarekiko mendekotasunean oinarritutako sindikalismo bat sortzen da, konformista eta  irakasleen behar errealekiko gero eta arrotzagoa.

CNTtik, horri guztiari aurre egiteko, sail sindikalen eredua defendatzen dugu. Sail sindikalak lan-zentroetatik bertatik antolatutako egiturak dira, non erabakiak asanbladen bidez hartzen diren eta ekintza sindikala kolektibo bakoitzaren behar erreal eta zehatzetatik abiatzen den. Hezkuntza publikoan, sail hauek administrazioarekin negoziazio zuzena garatzeko aukera emango lukete, ikuspegi horizontal, autonomo eta garden batetik.

Sail sindikalek ez dute batzorderik, dirulaguntzarik edo lan-zentrotik edo gelatik kanpoko liberaturik behar. Beheko mailatik antolatutako langileen inplikazio zuzenarekin sostengatzen dira. Borrokarako tresna dira, bai eta kultura sindikal libre, solidario eta eraldatzaile berri bat eraikitzeko bitartekoa ere.

Hezkuntza-sektorean, honek klaustroek eta hezkuntza-komunitateek berriz euren burujabetza berreskuratzea lekarke, lan-baldintzak, erritmoak eta hezkuntza-eredua erabakitzeko gaitasuna bermatuz. Halaber, modu horretan instituzioen bertikalismoarekin ere apurtuko litzateke, bai eta irakaslegoa bulego urrunetan hartutako erabakien betetzaile pasibo bihurtzea ekidin ere. Eta, ororen gainetik, sail sindikalen eredua ekintza sindikal koherente baterako tresna da, defendatzen dugun hezkuntza-mota gauzatu dadin: publikoa, kalitatezkoa, eraldatzailea eta errealitate sozialari errotua.

Euskal hezkuntza publikoan sinatutako akordio berria, hortaz, etsipen hutsa da aldaketa sakon baten aldekoak garenontzat. Ez soilik eskaintzen dituen hobekuntza urriengatik, baizik eta mobilizazio kolektiboak piztutako ahalmen eraldatzailea lurperatzen duelako.

CNTtik berriro ere autonomia, horizontalitatea eta ekintza zuzena oinarri dituen borroka sindikal batekiko gure konpromisoa berresten dugu. Sindikalismoa ezin da lan-baldintzak negoziatzera mugatu; lan- eta gizarte-harremanak aldatzeko tresna izan behar du, eta hori soilik da posible beheko mailatik antolatzen bagara, erabakiak hartzeko benetako gaitasuna duten sail sindikal bizi eta borrokalarien bidez.

Borroka ez da amaitu. Aitzitik: orain hasi behar da berriro, geletatik, zentroetatik, asanbladetatik. Izan ere, hezkuntza guztion ondasuna da, eta soilik antolaketa libre eta horizontal baten bidez defendatu ahal izango dugu.

Argazkiaren iturria: Ecuador Etxea https://www.ecuadoretxea.org/la-ensenanza-publica-vasca-sigue-en-huelga/

Agenda

Ez dago ekitaldirik

Irakurriena