20/01/20

Ez da demografia, ekonomia politikoa baizik

Egilea Endika Alabort

940ko hamarkadan Euskal Herrira heldu zen, haur bat zelarik, lan egitera. Industriako enplegu gogorretan lanean ibili zen; lankide askok lan gaixotasunak sufritu, beste batzuk lanean hil. Adolfok 92 urte ditu gaur egun. Nazioarteko Diru Funtsaren arabera, gehiegi bizi da, pentsioa jasotzen urte gehiegi eman baitu eta, gainera, erakunde horren ustez, bizi itxaropen handi hau “finantza arriskua” da. Madalenak bizitza osoa lanean eman du, etxeak garbitzen. Ez zuen kotizatu, baina hori ez zegoen bere esku. Neguriko burgesiaren etxeetan egiten zuen lan. Kotizazio gabeko pentsio bat jasotzen du, 392 eurokoa, nahiz eta bizitza osoa lanean eman, bai etxean, baita etxetik kanpo. Mariak ia 40 urte ditu. Lan kontratu prekarioak lortzen ditu, gehienak ez dira jardunaldi osokoak, soldataren bat 1.000 eurora heltzekotan, miraria da. Nahiz eta 20 urte dituenetik lan egin, zortzi urte besterik ez ditu kotizatuak. Horiek dira gure inguruan ohikoak diren zenbait errealitate.

Galdera da, gizarte bezala, nola antolatu nahi dugun gure nagusien erretiroa eta gure etorkizuna. Horrek bertoko eredu kapitalistaren hainbat muga kontzeptual haustea eskatuko digu, aberastasuna nola banatu nahi dugun definitzeko
“Euskal oasi” honetan, soldaten joera, horiek osatzen duten elementuak caeteris paribus mantentzekotan, kezkatzekoa da. Azken bederatzi urteetan, Gipuzkoan –Espainiako Erresumako soldata altuenak dituen lurraldean– batez besteko soldata soilik %1,9 handitu da; erosahalmena hamar puntu erori da, oraindik generoko soldata-arrakala handia dago eta 40 urte baino gutxiago duten langileen lan baldintzak okerrera doaz. Azken hamarkadatan ekonomia eraldaketa amaiezin honetan, zerbitzu sektorea da oinarria (spoiler: industriaren ondoan, lan baldintza okerragoak dakartza). Argi dago orain indarrean dauden pentsio sistema publikoen gaineko presioa handitzen joango dela.

Finantza erakundeen lobbystak, teknokratak eta sasizientzietan oinarritzen diren ekonomialariek urteak daramatzate pentsio sistema publiko eta duin baten aurka lan egiten. Orain dela urte batzuk, “produktibitatea” (lanarena?) aipatzen zen sistema eraldatzeko elementu zentral moduan. Gaur egun, aldiz, demografia da. Hala ere, Espainiako Erresumaren kasurako, Fundación de Estudios de Economía Aplicada-k (FEDEA) argi utzi du txosten batean sistema kolokan jartzen duena ez dela gero eta pertsona zahar gehiago daudela, soldaten gainbehera baizik. Eta, noski, lobbysta, teknokrata eta eskuineko ekonomistek ebidentzia enpiriko horren aurka ezin dute ezer esan, nahiz eta jendea nahasteko azalpen sinplistak erabili edo formula matematikoekin jantzi.

Frantziako Errepublikan, gaur egun dagoen pentsio sistema langile borrokaren emaitza zuzena da, 1930eko hamarkadan eta hurrengo urteetan indar handia hartu zuenak: Conseil National de la Résistance-k, bere programan eskakizun hau babesten zuen. Espainiako Erresuman ere, frankismo garaiko langile borrokek Gizarte Segurantzaren Legea onartzea lortu zuten. Pentsio sistema publikoak ez ziren lobbysta, teknokrata eta eskuineko ekonomistei esker onartu, indarrez onartu behar izan zuten.
Gure buruari egin behar diogun galdera ez da X sistema ekonomikoki sostengarria den ala ez, era horretan adieraztea ez baita zuzena: formularen beste faktoreak caeteris paribus isilpean mantentzen baitu. Galdera da, gizarte bezala, nola antolatu nahi dugun gure nagusien erretiroa eta gure etorkizuna. Horrek bertoko eredu kapitalistaren hainbat muga kontzeptual haustea eskatuko digu, aberastasuna nola banatu nahi dugun definitzeko. Etorkizuna gizarteak erabaki beharko du, ez boteretsuek, eta hau ez da borroka erraza. Azken finean, ekonomia politikoari buruz hitz egiten ari gara.

Argia astekarian argitaratuta

Agenda

Ez dago ekitaldirik

Irakurriena