22/10/10

Ekologismo Integrala eta instituzio berrien beharra

Egilea Endika Alabort Amundarain

Pedro A. Morenok liburu berria aurkeztu zuen asteburuan Malatesta Kultur Lubakian,  Bilbon, Nuevas Institucionalidades. La apuesta organizativa del ecologismo integral, zeinean anarkismoa, ekologismoa, feminismoa, konfederalismo demokratikoa eta beste hainbat kontzeptu uztartzen dituen, gure lurraldea eraldatzeko proposamen zehatz bat eginez.

Azken urteotan antolaketaren beharra gero eta nabariago da. Ideia marxisten ildotik ematen ari da, baina anarkismoaren inguruan baita ere. Hainbat izan dira XXI. mende hasiera honetan bultzatu duten antolaketaren hausnarketak: krisi ekonomiko luzea, kapitalismoa bizitzako atal guztietara hedatzea, eskuinaren erradikalizazioa, klima aldaketak hartutako norabide okerrenaren baieztapena, militarismoaren gorakada, Estatu-Nazioaren mugak egoera kudeatzeko, irtenbide parlamentario eta munizipalismoaren saiakera eta porrota, baina baita ere beste lurraldetan emandako esperientzia garaikideak, Hegoalde Globalean emandako eztabaidak eta proposamenak, feminismoaren hedapena, beste batzuen artean.

Pedro A. Morenoren proposamena ekologia sozialean oinarritzen da, ekologismo integrala moduan izendatuz (bere aurreko liburuan landu zuena, Ecologismo Integral). Bide hau hautatzea, ekologismoa, ez da huskeria. Ekologismo integralari buruz hitz egiten duenean, planetarik gabe etorkizunik ez dagoela eta, beraz, gure ingurune soziopolitikoan eta ingurumenekoan eragin dezakeen ideia dela esaten du. Hori dela eta, ekologismo integrala pentsamendu libertarioaren hedapen teoriko bat da, eta horrek diskurtsoaren erdigunean jartzen du lurraldea eta bere espezieak defendatzearen garrantzia, tradizio libertarioa baita, ikuspegi pragmatiko batetik, proposamen politiko honetan beste tradizio batzuekin uztartzen dena, hala nola langileen borrokekin, autogestioarekin, feminismoarekin eta mugimendu ekologistaren historiarekin.

Liburuan ekologismo integralaren proposamena azaltzen da. Hori ezagutzea irakurlearen eskuetan uzten dut. Ni, nire kasuan, elementu batekin geratuko naiz: instituzio berrien beharrarekin. Anarkismo baldarrean instituzioak administrazio publikoarekin edo Estatuarekin nahasi ohi da. Instituzio bat, aldiz, gizartearen onarpen-maila zabala lortu duen praktika bat da, gizartearen funtzionamendu-arauak dira. Horregatik, eraldaketa soziala bilatu eta sustatu nahi badugu, ezinbestekoa da instituzio berriak eraikitzea. Hau anarkista klasikoek argi zuten, hauen adibide bat Malatesta izanik:

“Iraultza instituzio berriak, elkartze berriak, harreman sozial berriak sortzea da, iraultza pribilegioak eta monopolioak suntsitzea da; justizia-, anaitasun- eta askatasun-espiritu berri bat da, bizitza sozial osoa berritu behar duena, masen maila morala eta baldintza materialak igo behar dituena, eta beren lan zuzen eta kontzientearekin beren patuak zehazteko deitu behar dituena”. Errico Malatesta, Pensiero e Volontá, 1924/06/15

Bide hau jarraituz, Pedro A. Morenok proposamen ausarta egiten du, instituzio berrien garrantzia azpimarratuz. Ekarpena zehatza da, ez da akademizismoan erortzen; aldiz, eguneko errealitatean praktikan jartzeko eginda dago. Ekologismoa oinarri hartzen du, baina ez edozein ekologismo mota: kapitalismoak ezin bereganatu duen bat. Proiektu estatistek eta kapitalismoaren erreformazaleek klima aldaketa, hondamendi ekologikoa eta deshazkundea bereganatzen ari dira beraien proiektuen onurarako. Zenbait alderdi politikoek egiten duten Green New Deal baterako proposamenek Hegoaldearen nagusitasun neokoloniala mantentzen dute. Ekologismo Integralak horren aurka esplizituki borrokatzen du. Horregatik, testuinguru erdiragarri honetan, proposatzen du ekologista sozialek ibilbide-orri pragmatiko bat onartu behar dutela, deshazkundearen laguntzarekin, elementu egituratzaile gisa, alternatiba pluralak eta apurtzaileak sortzeko. Politika desprofezionalizatzea bilatzen duena, autogestioa kooperatibismo mota berri batekin lotzen duena, herritarren erabakietan parte hartzea bermatu nahi duena. Lurralde zehatzetan errotzen den proposamena, bioeskualdetan. Nazionalismo estatista federalisomarekin borrokatzen duena.

Bukatzeko, Nuevas Institucionalidades saiakera liburu bat da, beraz, nola, non eta norekin egin behar den lan planteatzen saiatzen dena. Autoreak azpimarratzen duen moduan, ziur asko, eskaintzen diren erantzun asko ez dira guztiz egokiak izango, eta hausnarketa kolektibo bat beharko dute. Prozesu horretan, hainbat gizarte-eragilek eta pertsonak egin beharreko lana azaldu beharko dute, ahalik eta adostasun kolektibo handienera hurbiltzeko. Ortodoxia ideologikotik urrun idatzitako liburua da, pragmatikotasuna eta koherentzia batzen saiatzen duena.

Agenda

Ez dago ekitaldirik

Irakurriena