20/05/15

CNTk gogor kritikatu ditu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak hartutako erabakien edukiak eta moduak

  • COVID-19 birusak sortutako larrialdi egoerak, berriro ere, irakaskuntza zentroen eta irakasleon autonomiaren garrantzia eta arrakasta erakutsi du.
  • Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, beti bezala, gure lana mespretxatu du eta saiatu izan da, behin eta berriro, bere burua heroitzat irudikatzen.

Hezkuntza Saila izan da 3. ebaluaketa gainditu ez duen bakarra.

Bilboko CNTko Irakaskuntza taldeak hezkuntza komunitateak egindako lana aldarrikatu nahi du etxean konfinaturik lan egitera behartu gaituzten une honetan. «Irakasleek, zein ikasleek, eta ikastetxeetako gainerako eragileek egindako lana ahaztu gabe, bizi dugun momentu zail eta inprobisatu honetan, gure hezkuntzarekiko konpromezua eta autonomia ahalmena aldarrikatu nahi dugu», adierazi du zentral anarkosindikalistak. «Hasieratik eta gure baliabide propioekin, ikasle eta beren familiekin harremanetan egoteko antolatu dugu geure burua», adierazi du Bilboko CNTko Irakaskuntza taldeak eta «gure klaseak bizi dugun egoerara egokitu ditugu, horrek suposatu izan duen zailtasunekin», gaineratu du. Aipatutakoaz gain, Irakaskuntza Taldeak onartu du etxeko intimitatea alde batera utziz, ateak ireki dizkiola ikaslegoari eta eguneko 24 orduetan haiekin harremanetan egon direla beti, edozein zalantza argitzeko prest.

Hala eta guztiz ere, Bilboko CNTko Irakaskuntza taldeak Hezkuntza Sailak azken hilabeteetan hartu izan dituen erabaki inkoherenteak azpimarratu nahi izan ditu. «Onartezina da langileak kondeszendentzia maila honekin tratatu izana. Irakasleok badakigu gure lana egiten, urteak daramatzagulako beharrean inolako tutorizaziorik gabe», azaldu dute central anarkosindikalistatik. «Ulertzen dugu egoera zaila dela, baina Eusko Jaurlaritzatik iseka egiten zigula sentitu dugu, bat-bateko neurri kontrajarriak inposatzen saiatu direlako, hezkuntza komunitatearekin neurriak eta alternatibak adostu beharrean», salatu du Bilboko CNTko Irakaskuntza taldeak. Eta gaineratu du: «Gure ustez, Eusko Jaurlaritzak, behin eta berriz, bularra atera du bere buruari propaganda egiten saiatuz, hezkuntzarekiko kontrol faltsua zuela erakusteko larrialdi-egoera honetan geunden bitartean».

Bilboko CNTko Irakaskuntza taldeak, amaitzeko, hezkuntza komunitatearen sentimendu orokorra partekatzen duela gehitu du, haserre bizian baitaude Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailarekin. «Neurri guztiak hezkuntza komunitatearen lana gutxiestera zuzendu dira eta bakar bat ere ez da, irakasleoi begira, osasunaz eta lan egiteko modu honek ekarri dituen zailtasunez arduratu», diote. Honez gain, gaixotzeko eskubiderik ere ez dutela izan azaldu dute, ORDEZKAGUNE aplikazio telematikoa itxita egon delako konfinamenduak iraun izan duen bitartean.

«COVID-19ak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak sortutako egoera konpleaxuari erantzun ona eman dio hezkuntza komunitateak: irakasleok, ikasleak eta haien senideak eta Ikastetxeetan lan egiten duten pertsona guztiak barne; izan ere, modu autonomoan lan egitea posible dela ez ezik, erabat beharrezkoa dela ere frogatu baitugu», adierazi du bukatzeko Bilboko CNTko Irakaskuntza taldeak.

Agenda

Ez dago ekitaldirik

Irakurriena