24/03/01

Altza ukabila munduko emakumeok

2024ko martxoaren 8an, emakume langileon nazioarteko egunez, CNT sindikatutik emakumeentzat justizia eta berdintasuna eskatzen ditugu berriz ere. Aldi berean, langile klaseak hainbeste zor dion Mujeres Libres erakunde anarkistaren funtsak eta helburuak gureak egiten ditugu. Erakunde hori sortu eta mende bat geroago, emakumeok hamaika arrazoi ditugu borrokatzeko. 

Lan-eremuan, diskriminatuak izaten jarraitzen dugu: soldata-arraila, enplegua lortzeko zailtasunak, sektore prekarioenetan emakumezkoen gehiengoa, behin-behinekotasun eta partzialtasun handiagoa kontratuetan, lanpostuan igotzeko eragozpenak edo lana eta amatasuna uztartzeko baliabide gabezia, pobreziara garamatzana… Horri guztiari emakume izateagatik  enpresetan jasaten dugun indarkeria gehitu behar zaio: sexuarengatiko diskriminazioa, laneko sexu-jazarpena… Kalkuluen arabera, lan-ingurunean ematen da sexu-abusuen herena.

Horrez gain, sexuaren araberako lanaren banaketak etxeko lanak batez ere emakumeengan erortzea eragiten du. Menpekotasun-egoeran dauden pertsonentzako baliabide gabeziak ere eragin zuzena du emakumeongan albo kalte gisa. Izan ere, emakumeok uko egin behar izaten diogu gure enpleguari senideak artatzeko, eta horrek gizonarekiko independentzia ekonomiko falta dakarkigu. Zainketak modu profesionalean egiten direnean, etxetik at, egoera ez da samurragoa: zaintzaileak, etxez etxeko laguntzako langileak, etxekoak, laguntzaile geriatrikoak… bizitzari eusteko ezinbestekoak diren enpleguak gizarte kapitalista eta patriarkal batean gutxien baloratzen eta prestigiatzen dira, soldata urrienekin eta askotan gizarte-segurantzan alta emanda egon gabe, sarritan esklabutzaren pareko baldintzetan, langile “internak” kasu.

Emakumeok lan-eremuan jasaten ditugun baldintzatzaile horiek guztiek pentsioetan ere arrakala eragiten dute. Oztopo askoren ondoren, kotizaziopeko pentsioa edo ezintasun iraunkorra lortzen ditugun kasuetan ere, gizonezkoena baino apalagoa izan ohi da. Beste kasu askotan, zahartzaroan edo gaixotasun egoeran diren emakumeek kotizazio gabeko miseria-pentsioekin edo bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren engainuarekin bizirautea beste aukerarik ez dute.

Borroka sindikaletik, emakume izateagatik jasaten ditugun bidegabekerien aurka altxatzen garenean, errepresioa eta kriminalizazioa jasaten ditugu. Beste behin ere gogora ekarri nahi dugu “La Suiza”ko sei kideen kasua, Xixonen sindikalismoa egitearengatik 3 urte t´erdiko espetxe zigorra eta 150.000 eurotik gorako isunei aurre egin beharrean dauden sei emakumeak.

Lan-eremutik kanpo, emakumeok mota guztietako indarkeriak jasaten ditugu munduan zehar. NBEn arabera, 137 emakume erailtzen dituzte egunero bikotekideek edo bikotekide ohiek. Estatu espainiarrean, iaz 101 feminizidio eman ziren, 2024an 10, horietatik erdia baino gehiago biktimaren bikotekide edo bikotekide ohiek burutuak. Estatistiken arabera, sexu-indarkeria areagotzen ari da, bai emakume helduentzat, bai haurrentzat eta familia-eremutik kanpo nahiz barne gertatzen ari da. Espainian, 2023an, bi ordutik behin bortxaketa bat eman zen, eta bortxaketa kolektiboen kasuak ugaritu egin ziren. Sexu-indarkeria moten artean, proxenetismoa da basatienetakoa eta, era berean, erasotzaileek (putazaleek eta proxenetek) zigorgabetasun handiagoa dute. Kalkuluen arabera, une honetan estatu espainiarrean 100.000tik gora dira sexu-esplotazioa jasaten ari diren emakumeak. CNTk uste du prostituzioa ezin dela inolaz ere lan gisa hartua izan. Aitzitik, jendarteak desagerrarazi behar duen indarkeria mota bat dela uste du, eta prostituzio egoeran dagoen emakumeak justizia eta erreparazioa merezi dituela eta inoiz ez zigorra.

Langile feminismoak mugak hausten ditu. Gazako emakumeekin bat egiten dugu, ñabardurarik gabe. Nazioartearen pasibitatea (gobernu espainiarra tarteko) dela medio, genozidio bat pairatzen ari dira Israelgo estatua eta bere aliatuen eskutik. CNTk palestinar herria sustengatzen jarraituko du, borroka anker honetan haren alde lerrokatuaz. Ildo beretik, Atzerritartasun Legearen indargabetzea irmoki eskatzen jarraituko dugu, estatu espainiarrera iristen direnentzat (bereziki emakume eta hauen seme alabentzat) ondorio lazgarriak dituen lege zitala bait da.

Sindikatu barnean ere, badugu zereginik. Kanpoan pairatzen ditugun dinamika patriarkalak CNTren barne ez bideratzea dagokie gure kide gizonezkoei. Beraiekin batera antolatzen gara, CNT emakume langilearentzat tresna eraginkor eta askatzailea izan dadin.

Martxoak 8 hontan, CNTtik munduko emakumeak agurtu nahi ditugu, jaiotzeaz beste arrazoirik gabe zapalduak, izendatuak izan nahi dutela aldarrikatzen dute, erakundearen barnean zein kanpoan sistema kriminal baten aurka borrokan. Ekin gogor geldiarazten gaituzten beldur eta atsekabeen kontra. Ez etsi, zuen esku eta gogoetan da gure aurrekoen eta atzekoen garaipena. 

GORA EMAKUME LANGILEON BORROKA!

GORA MARTXOAK 8!

 

Agenda

Ez dago ekitaldirik

Irakurriena