CNTk genozidio frankistaren aurka eginiko salaketaren aurkezpena

Asteazken honetan, CNTk Argentinako epaitegi batean eginiko salaketaren berri emango du. Herrialde horretan, genozidio frankistaren aurkako kereila bat abian da. Ekitaldia arratsaldeko 19:00tan izango da Madrileko Ateneoan eta bizirautea lortu zuten militanteen testigantzak jasoko dira bertan.

Hauen artean, Félix Padín izango da, Euskadiko CNTren Isaac Puente eta Durruti batailoietan borrokatu zen anarkosindikalista. Félix-ek denboraldi luzeak igaro zituen espetxe, konzentrazio zelaio eta batailoi disziplinarioetan eta gaixotasunak, gosea eta etengabeko jipoiei biziraun zien. “Gaur egun, indar berdinarekin darrai borrokan” esan du zentral anarkosindikalistak.

Antonio Amate Sanlúcar de Barrameda-ko jornalaria ere izango da asteazkeneko ekitaldian. Amatek 13 urte zituen altxamendu militarra eman zenean. Bere aita eta osaba, CNTko kide esanguratsuak, atxilotuak eta afusilatuak izan ziren 1936ko urrian eta Antoniok faxisten bazterkeria bizi izan zuen, politikoki edo sindikalki nabarmendu ziren guztien familien modura. “Antonio borrokalaria izan da betidanik. Klandestinitate garaiko greba eta mobilizazioetan partehartu zuen lehenik eta, trantsizioaren garaian, CNT bere herrian berrantolatzen”.

Garai hartako beste testigantzetako bat Aurora Tejerina-rena izango da. Aurora, Leon-eko Laurentino Tejerina anarkistaren alaba, 1929an jaio zen Frantzian. Izan ere, bere familiak, Primo de Rivera-ren diktaduran erbesteratu egin behar izan zuen. Bigarren errepublika aldarrikatu zenean, Aurora eta bere familia León-era itzuli ziren. 1947an, Aurorak Frantzian errefuxiatu behar izan zuen berriz ere.

“Gure kideen testigantzekin, sindikatu honek eta mugimendu libertarioak jasandako errepresioa argitu nahi dugu. 1977ko Amnistia Legeak indarrez eta biolentzia fisikoa eta soziala erabiliaz 40 urtez izandako erregimenaren krimenen inpunitatea bermatu zuen” azpimarratu du CNTk. Zentzu horretan, zera esan du “bere zuzendari nagusiak, Francisco Franco jeneralak, sektore militar, finantziero, politiko eta katolikoetatik jasotako laguntzak ahalbidetu zuen kolpea”.

CNTk bere salaketa propioa jarri du frankismoaren krimenak ikertzeko abiaturiko kereila argentinarraren baitan. Zentral anarkosindikalistak frankismoak errepresaliaturiko militanteen milaka izen eta lekukoen testigantzak eman ditu. Sindikatu honi lapurturiko higiezin, higigarri eta kontu korronteei buruzko dokumentazioa ere eman du.

Asteazken honek bi ekitaldi nagusi izango ditu, prentsaurrekoa 12:00tan eta ekitaldi publikoa 19:00tan, eta bertan izango dira CNTren idazkari nagusia, Anselmo Lorenzo Fundazioaren lehendakaria eta CNTren memoria historikoa lantzen duen taldearen koordinatzailea.