Barakaldok hartuko du AITren birfundatzea bultzatzeko topaketa

Bederatzi herrialdetako sindikatuek hartuko dute parte topaketan, asteburu honetan, Internazional historikoa "indarberritu" eta "bultzatzeko". Zenbait sindikaturen delegazioak etorriko dira Italiatik, Alemaniatik, Frantziatik, Greziatik, Erresuma Batutik, Poloniatik eta Estatu Batuetatik.

 

CNTren Barakaldoko egoitza berria gertaera historiko baten epizentro bihurtuko da asteburuon: bederatzi herrialdetako erakunde anarkosindikalisten ordezkariak bertan bilduko dira Langileen Nazioarteko Elkartea (AIT) birfundatzea bultzatzeko. Topaketa hurrengo larunbatean hasiko da, 10:00etan, CNTren bulegoan (Gaztela eta Leon kalearen 10. zenbakian).

Zentral anarkosindikalistak jakinarazi duenez, topaketak sorburua izan zuen CNTren, eta Italiako USI eta Alemaniako FAU sindikatuen proposamen batean. "Helburua da AIT bultzatzea berriro fundatuz, gure ustea baita gaur egun ez dituela behar bezala betetzen bere zereginak", antolatzaileen esanetan.

Halaber, zera diote: "Gure iritziz, AIT berraktibatu behar dugu berehala, erakunde historikoa beti egon da-eta lotuta langileriaren eskubideen defentsari, edozein bandera edo mugaren gainetik". Birfundazio prozesuak xede izango du edozein sindikatu bertara biltzea, baldin eta bere burua anarkosindikalistatzat edo sindikalista iraultzaile ez-bertikaltzat badu. Horrek esan nahi du, besteak beste, ezin dutela "diru-laguntzarik jaso Estatutik; ezta, erakunde gisa, ezein hauteskunde-proiektu babestu ere", horrela jokatzeak ziurtatzen duelako erabateko independentzia.

Topaketan, parte-hartzaileek azalduko dute nolako egoera dagoen bakoitzaren herrialdean. Horrez gain, nazioarteko testuingurua analizatuko dute, eta lehentasunak ezarriko dira AITren kideen hemendik aurrerako lana bideratzeko. Horren guztiaren barruan, erakunde antolatzaileek nork bere birfundaziorako proposamena aurkeztuko dute, gero denon artean eztabaidatzeko.

Ekitaldian, zeina larunbat arratsaldean eta igande goizean jarraituko baitu, ondoko sindikatuek hartuko dute parte: USIk (Italia), FAUk (Alemania), IPk (Polonia) eta ESEk (Grezia), bai eta CNTk eta Frantziako CNT-AITk ere. Era berean, Erresuma Batuko, AEBko eta Alemaniako Industrial Workers of the World-en (IWWren) ordezkariak izango dira bertan, eta Argentinako FORA historikoak bideokonferentziaz jardungo du. Bere aldetik, CNT sindikatuak ordezkaritza garrantzitsua izango du, idazkari nagusi Martín Paradelo buru.