Okupazioa, erresistentzia, ekoiztea: hiru enpresa berreskuratuen dokumentala (3)

Print
E. Amundarain

Dario Azzellini eta Oliver Resslerrek Workerscontrol.net web orrialdean (“langileen kontrola”) orain dela denbora bat Europan berreskuratutako hiru enpresen dokumental laburra argitaratu zuten.

Azkena Officine Zero enpresa berreskuratuari buruzko dokumentala da. Italiako RSI – Trenbide Zerbitzuaren parte zen, lo egiteko bagoiak konponduz. 2011ko abenduan gaueko trenak kendu zituztenean abiadura handiaren alde egiteko, RSI itxi egin behar izan zuen. 60 langile ziren, eta hauetako hogeik ez zuten neurria onartu, borroka hasiz. Ondoko gaztetxe bateko kideek, “Greba” izenekoa, gatazka horretan lagundu zuten. Langile eta okupen artean berregituratzeko laborategi bat bultzatu zuten, asanblada publikoak egiten; ehundaka pertsona hurbildu ziren.

2012ko otsailean lantegia okupatu zuten, Officine Zero jaiotzen. Langile prekarioak, autonomoak, artisauak, profesionalak eta ikasleak okupazioan parte hartu zuten. 2013Ko ekainean Officine Zero ofizialki jaio zen, lantegi ekologiko bat bezala. Izenaren esanahia berezia da: ugazaba zero, esplotazio zero, kutsadura zero. Proiektuaren helburua birziklapen eta berrerabilera sustatzeko toki batean bihurtzea da, ordenagailuak, altzariak eta etxetresna elektrikoak eraldatuz eta berreskuratuz.

Pepe Terrasi, RSIko langile ohiaren hitzetan, erabaki hartze prozesu demokratikoen garrantzia azpimarratu du: “asanbladen bitartez erabakitzen da, batzuk irekiak dira, nahi duenak parte har dezake, baina beste batzuk itxiak dira, proiektuaren parte hartzaileek soilik erabakitzen dute”. Guido Abballe metaleko langilearentzat, proiektu hau ez da lantoki baten defentsa soilik, gauzak egiteko beste era bat hasteko bidea da ere.

Dokumentala esteka honetan (https://labur.eus/AQY11) ikus daiteke, automatikoki sortutako azpitituluak aktibatuz.

Copyright 2012. http://www.cnt-sindikatua.org