“Felix-en ereduak CNTko bidea markatuko du beti”

Print

CNT sindikatuak Felix Padin, hilak 7an zendutako militante historikoa, omendu du. Ekitaldia Artxandako “La Huella” monumentuaren ondoan izan da, frankismoaren kontra borrokatu zuten guztien oroimenez eraikitako gunean. “Félix haietako bat izan zen eta ez dugu inoiz ahaztuko”, azpimarratu du sindikatuak.

Emozioz beteriko goiz honetan txalaparta soinuak, Padin-en argazkiaren aurrean dantzatutako ohorezko aurreskua eta “A las barricadas” eta “Hijos del pueblo” melodiak entzun ahal izan dira. “Félix-en omenez egindako ekitaldi honek, askatasunagatik eta faxismoaren kontra bere bizitza eman zuten kide anarkosindikalista guztien borrokaren aldarrikapena da”, adierazi du Luis Fuentes-ek, CNTko idazkari nagusi ohia eta sindikatu honen memoria historikoko berreskurapen komisioko kidea.

Hitzaldiaren beste puntu batean Fuentes-ek esan bezala, militante hauen ereduak “sindikatu honen bidea markatuko du beti”. Félix-en zigorgabetasun frankistaren aurkako konpromezua, “bere bizitza bukaera arte markatu zuena”, azpimarratu nahi izan du. Azpimarragarria da pasa den abuztuaren 4ean, CNTko militante historikoak, Miranda de Ebroko auzitegian emandako testigantza, Argentinan bideratzen ari den frankismoaren krimenen aurkako kereilaren inguruan.

Ekitaldian egondako euskal mugimendu memorialistaren ordezkariek  ere aipatutako alderdi berak azpimarratu dituzte. Bestalde, Jose Ignacio Orejasek, sindikatu honetako kide eta historialariak, Felix-en bizitzaren momentu esanguratsuenak gogoratu zituen: faxismoaren aurkako gerran CNTko batailoietan egon zenetik, Miranda de Ebroko kontzentrazio esparruan Frankoren preso bezala pasa zen unera arte. ”Gure kideak frankismoan lan behartuak burutu behar izan zituen”, azpimarratu zuen.

Padin-ek testamentu bezala idatzitako olerkiaren irakurketarekin bukatu zen omenaldi hunkigarri hau. “Si algo en mí no muere, si algo al rojo fuego escapa, sea yo fragancia, polen, ritmo, luz, idea libertaria”, irakur daiteke bere azken paragrafoan.