“Ercilla hotelek errepresioaren bidea aukeratu dute”

Print

Aste Nagusiarekin batera, Bilboko Ercilla hotelean kontzentrazioak egin dira. CNT sindikatuak sostengu zabala jaso dutela nabarmendu du. “Elkarrizketa aukeratu beharrean, enpresariek errepresioa aukeratu dute, horretarako bere adar armatuaren laguntza jaso dute: Ertzaintza, zergadun guztion artean ordaintzen duguna”, kexu da.

Erakunde anarkosindikalistak ostiral honetan kontzentrazioa egin ondoren balorazio hau egin du. Honetan, hotel honetako langileek berriro patronalari “langileen eskubideak ez murrizteko” eskatu diote. “Hainbeste urte eman eta gero gure lepotik dirutza eginez, ez dugu ordaindu behar nagusien akatsak”, esan du CNTko sekzio sindikalak.

Halaber, sindikatu honek iragarri du Irailak 1, 2, 3 eta 4, munduko saskibaloi txapelketarekin batera, lanuzteak egingo direla. CNTk azaldu duenez, zale eta kirolari askok –haien artean, Finlandiako selekzioa- Ercilla hotelean hartuko dute ostatu, “hori dela eta, aukera ona izango da ostalariek jakin dezaten nortzuk diren hotel honetako jabeak eta langileak nola tratatzen dituzten”.

“Errepresioa aukeratu beharrean eta langileen eskaera zuzenak isiltzen saiatu ordez, Ercilla hoteletako zuzendaritzak ulertu behar izango luke patronalaren nagusikeriak mobilizazio gehiago eragingo duela”, CNTk gaineratu du.

Copyright 2012. http://www.cnt-sindikatua.org