CNTk errespetarazi ditu langileen eskubideak La Okan

Print

CNT sindikatuak beste garaipen bat eskuratu berri du ATACOn -“La Oka” delicatessen denda-katearen jabea da ATACO enpresa-. Erakunde honen borroka dela kausa, ordezkari sindikal horrek lortu egin ditu legezko ordutegia eta kontratu-mota, aspalditik erreklamatzen zuen bezalaxe.

Informazio hori zabaldu aurretik, zentral anarkosindikalistak elkarretaratzea egin zuen aste honetako asteartean, ATACOren Bilboko egoitzaren aurrean. Ekintza horretan, CNTk azpimarratu zuen hasiera batean enpresak uko egin ziola sindikatu honetako kidearen eskubideak errespetatzeari. “Gero, akordio batera iritsi ginen, baina enpresak ez zuen bete; azkenik, aurreko ostegunean lortu genuen ATACOk konplitzea sinatutakoa”.

Zentzu berean, CNTk aditzera eman du enpresa horretako zuzendaritza “abokatutan ari dela dirua eta denbora xahutzen, baliabide horiek enpresa hobetzeko erabili beharrean”. Gogoan eduki behar da Sonia Pérez Ezquerra dela bertako gerentea (Patxi Lópezen gobernuan, Lan arloko sailburuordea izan zen). Sindikatuak zera gehitu du: “Okerreko estrategia baten barruan, epaiketetan gastatzen dituzte bitartekoak, helburu bakarra dutelarik: emakume langileei lanaren eta familiaren arteko uztardura oztopatzea”

Ildo horretan, sindikatuak ohartarazi du inola ere ez duela ontzat hartuko langileen kontrako neurririk; halaber, hauxe gehitu du: “Ez dugu onartuko enpresak gure kideei ordutegi txarrak ezartzerik, jakinda langileek ezin izango dituztela bateratu lan-ordu horiek eta familia-bizitza; bestelako neurri diskriminatzailerik ere ez dugu onetsiko”.

Copyright 2012. http://www.cnt-sindikatua.org