CNTk “La Okatik” kaleratutako langile bat berriz hartzea lortzen du

Print

Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiak ATACO SL enpresako CNTko afiliatu baten kaleratzea baliogabea dela adierazi du. Enpresa honek “La Oka” delicatessen dendak, Bilbon, Getxon eta Durangon, kudeatzen ditu. Auzitegiak “askatasun sindikalaren eskubidea” urratu dela dio, hori dela eta langilea, ekainean, bere lanpostura berriz itzuliko da.

“Erabaki honek CNTko sekzio sindikalak hasieratik esaten zuena baieztatzen du: enpresak, geure laguna, mendeku moduan, hitzarmen hobea lortzeko bileretan parte hartzeagatik kaleratu zuen eta ez ‘langile txarra edo ez eraginkorra’ izateagatik, epaileek egiaztatu duten moduan”, sindikatuak nabarmendu du.

Halaber, CNTk azpimarratu du epaitzak “erakutsi du enpresak langileekin nahi duena ezin duela egin”, eta alde hori “oso garrantzitsua” da sindikatuaren ustez. “Ez dugu beldur izan behar, egin behar duguna, egiteko, bidezkoa dena eskatzeko eta geurea dena exijitzeko”, nabarmendu du. “Era berean, argi eta garbi geratu da –zehaztu du sindikatuak- guk geuk bakarrik, sindikalismoa egiten, beldur barik, gure lan baldintzak hobetu ahal ditugula”.

Errepresio sindikala sistematikoa

Testuinguru honetan, CNTk nabarmendu du gaur egun enpresa honetan gatazka batzuk dituela “etengabe langileen eskubideak urratzen dituztelako”. Nabarmendu behar da konpainia honen abokatua Manu Salinero dela, Patxi Lópezen gobernuan lehendakaritzaren idazkari nagusi ohia.

Horri buruz, erakunde anarkosindikalistak gogoratu du “Lan Harremanen Kontseiluak Ataco SL enpresako zuzendaritzara CNTko afiliatuen zerrenda filtratu zuela”. Ekintza honek, erabat legez kontrakoa, afiliatuei ondorio larriak ekarri dizkie “zuzendaritzaren laneko jazarpena areagotuz eta eskubideak ukatuz”.

Erakunde anarkosindikalistak azpimarratu du “enpresa honetako langileen profila, batez ere, emakumea eta ezegonkorra dela”. Hori dela eta, estimatu du “guztiz lotsagarria” egungo Ataco SL enpresako arduradunak, Sonia Pérez Ezquerra –Patxi Lópezen gobernuan Lan sailburuorde ohia-, aplikatzen dituen neurri diskriminatzaileak, langileen oinarrizko eskubideak urratuz, edoskitze eskubidearekin edo lana eta familiaren arteko kontziliazioarekin gertatzen den moduan.

Horregatik, CNTk Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia oso garrantzitsua dela dio, “baieztatzen duelako nahiz eta enpresa-batzordean ez egon, enpresak langile bat, sindikalismoa egiteagatik, ezin duela kaleratu”.

Copyright 2012. http://www.cnt-sindikatua.org