Maiatzaren Lehena, orain!

Print

 

CNT sindikatuak, Maiatzaren Batean Euskal Herrian egingo diren hainbat mobilizazioetan, parte hartzera deitu du. Erakunde anarkosindikalista zenbait hiritan mobilizatuko da. Egun honi begira, CNTk egunaren izaera borrokalaria aldarrikatzeko manifestu bat jakinarazi du eta Kapitalaren eta bere gaizkideen aurka “behetik borrokatzera” bultzatzen du.

Jarraian, Maiatzaren Baterako CNTko manifestua errepikatzen dugu:

“Maiatzaren Lehenak, egoera sozioekonomikoa, indarrez, salatzeko balio behar du. Baina gaurko egoeratik harantz, data honen ondare historikoa eta esanahia aldarrikatzea eta gordetzea beharrezkoa da. Mitifikazioan erori nahi gabe, Maiatzaren Lehena jaiegun moduan ospatzea ez dugu onartu behar, langile-borrokaren jatorria urardotzen duelako.

Sistemak egin duen asimilatzeko prozesua dela eta, gobernuek Chicagoko gertaera famatuak jaialdi bihurtu zituzten, benetako esanahia ezabatuz. Modu horretaz, Kapitalaren aurkako urtero egiten zen borroka eguna “langileen jai” bihurtzen da, “San Jose langile” frankismoan edo, gaur egun, “lanaren festa”…

Hala ere, nahiz eta jatorria ez ahaztu, borroka, egutegiaren kontua ez da izan behar. Borroka eguneroko kontua da eta beharrezko erantzuna eman behar du egunero pairatzen ditugun erasoei aurre egiteko. Aldi berean ez dugu ahaztu behar gure helburu justua mundu hobea lortzeko eta hau bakarrik lortuko da aldaketa sakon baten bidez, erradikala, gizartearen eta ekonomiaren aldaketa, langileriak gauzatua.

Ez dugu hemen kontatuko gehiegikerien eta lapurreten zerrenda luzea, ezta betikoek inposatzen dizkiguten bidegabeko bizi-baldintzak ere: bankariak, enpresariak eta haiek bezalako jendilajeak. Esan dezagun, laburbilduz, arazo guztiak arazo bakarra direla: sistema kapitalista.

Haiek, gizarte-klase moduan, haien ekintza eta erabakiekin, helburu bakarra lortu nahi dute: haien etekinak eta pribilegioak mantentzea. Eta hori, menperatzean eta esplotazioan oinarrituta dagoen gizarte sistema baten bidez, lortzen dute. Haien ustez merkantzia gara, duintasun gabeko abereak, eskubiderik gabe eta gure bizitza ezin dugu menderatu. Geure buruari galdetzen diogu zer egin dezakegun erantzuteko eta “haien moduan” aritzeko. Hau da, gizarte-klase bakarra moduan, antolatuta eta helburu bakar batekin: kapitalismoaren zamatik geure burua askatzea.

Beharrezkoa da egitea. Sistemak, kontsumitzaile edo produktore soil bihurtzeko, konbentzitu nahi gaitu loturarik gabeko gizabanakoak garela, isolatuak, besteak baino hobeak kultura-nortasunaren, erlijioaren, futbolaren edo nazionalitatearen ondorioz… Laburbilduz, desadostasunak, oztopoak, mugak… sortzen dituzte elkarrengana ez biltzeko, izaten garena ez ezagutzeko: gizarte-klase bakar bat, ustiatua, baztertua, menperatua eta erabilia. Matxinatu behar dugu eta haiei aurre egin.

Krisialdi une honetan edo, hobeto esanda, kapitalismoaren berregituraketa honetan, gobernuak, komunikabideetan, diskurtso triunfalista saltzen du biztanleria iruzur egiteko. Alde batetik, zorioneko amaiera saltzen digu, beste aldetik indarkeriaz jokatzen du gezur hutsa sinesten ez dutenen aurka, gizarte-mobilizazioa bultzatzen dutenen aurka, klase-kontzientzia zabaltzen dutenen aurka. Azken finean, mundu hau posibleen artean onena ez dela konturatu diren langileen aurka.

Irtenbide “errazek” liluratuta, mobilizazioa bertan behera uztea eta borroka botoari esku ematea, atzerako pausua izango litzateke. Hauteskundeen hurbiltasunak hainbat pertsonen ilusioa pizten du: eraman gaituzten kolapso sozialetik irteteko bide bat. CNTren ustez hauteskunde bidea irteerarik gabeko bidea da, karta-sorta eta arauak botereak inposatzen ditu eta horrela ezin dugu irabazi. Asmo onak ez dira nahiko eta iraultzaile famatu batek esan zuen moduan “sorgindua dagoena, tronua da”.

M-22a mobilizazioaren adibidea izan da. Nahiz eta aurretiko zentsura egon, komunikabideetan kriminalizatu arren eta CCOO, UGT eta alderdi politiko nagusiak alde batera utzita,  arrakasta biribila izan du inflexio-puntu bihurtuz.

Langileriaren autoantolakuntzaren gaitasuna berreskuratu behar da. Behetik antolatuta, greba orokor bat martxan ipintzeko gauza izan behar dugu, sindikalismo ofizialaren deialdien premia barik. Langileriaren beste tresna batzuk martxan jarri behar ditugu: boikota eta sabotajea eta, horrela, Kapitalari benetako kalteak eragitea. 24 orduko lanuztetan ez ditugu indar guztiak batu behar, egunero aurre egitea baizik eta klasearteko borrokan aurrea hartzea. Hori lortzea, benetako aurrerapausoa izango litzateke borrokan, edozein hauteskunde emaitza baino askoz ere garrantzitsuagoa.

Maiatzaren Lehena oraindik garrantzitsua da, bere nazioarteko eta langile esentziagatik, balore errebindikatibo eta oldarkorragatik. Maiatzak Bat Langileen harrotasunagatik aldarrikatzen dugu, historikoki munduko langileriaren indar erakusketa izan zelako boteretsuei, aurrean geundela, gogoratzeko, haiek gelditzeko eta suntsitzeko prest.

Bai, Maiatzak Bat munduko greba orokorra zen. Ez da gutxi! Ipuina ematen du, baina ez, geure historia da, langile mugimenduarena.

Hori dela eta, gaur, Maiatzaren batean, mobilizazioarekin jarraitu behar dugu, kaleetan jarraitu, batzen jarraitu indartsuago izateko. Goikoak, lotan ere, bizarra lepoan, urduri, behekoak esnatzen hasi garelako. Gure ametsak  beraien amesgaiztoak dira.

Osasuna eta iraultza soziala”.

Copyright 2012. http://www.cnt-sindikatua.org