“Ospatzekorik ez, dena irabazteko”

Print

“Martxoaren 8ak badu balioa. Beraren bidez, andre zein gizon esplotatzaileei gogorarazi behar diegu emakume langileek borrokan dirautela eta ez dituztela albo batean utziko beren eskubideak”. Horrela adierazi du CNT sindikatuak Emakume Langilearen Nazioarteko Egunaren atarian. Aurten, emakumezkoen eskubideen aurkako beste eraso bat nabarmenduko da data esanguratsu honetan: Raxoiren gobernuaren “Abortuaren Legea”.

Idazkaritza Iraunkorraren ohar baten bidez, erakunde anarkosindikalistak azpimarratu du ez dagoela ezer ospatzekorik, baina bai dena irabazteko. “Emakume langileek -dio CNTk- inork baino gogorrago pairatzen dituzte esplotazioa, desberdinkeria eta pobrezia  aginte kapitalistaren eskutik; are gehiago une hauetan, orain kapitalismo-ereduaren berregituratzea eta krisia jasaten ari baikara”.

Halaber, sindikatuak eman du aditzera “Emakume langileek badakitela presioa pairatzen ari direla lan-mundutik aldendu eta etxe barruko esparrura itzul daitezen. Horri begira, boterearen diskurtsoak, amatasunaz gain, zaintzaile-zeregina ere goresten du: “historia osoan andreei esleitu zaizkien betebeharrak, hain zuzen”. Zehatzago esanda: “Une hauetan, lanerako eskubidea eztabaidaezina izan beharko litzateke, soldatak ziurtatzen duelako pertsonen autonomia, beste inoren menpekotasun ekonomikoan jausi gabe”.

Mesprezua eta bazterkeria

“Egoera honetan –gehitu du CNTk-, pentsa dezakegu Abortuaren Legea aldatzeak baduela funtsik: ondorio gisa ekarriko du amatasuna inposatuko zaiela emakumeei, baita etxe barruko esparrura itzuli behar izatea ere, gogoz edo gogoz kontra. Ez omen da nahiko emakumeek ere mozal-legea sufritzea, gainontzeko langileek bezalaxe; gainera, abortuen erruduntzat jotzen dituzte iritzi publikoan, gizartean mespretxatuak eta baztertuak izan daitezen”.

Horregatik guztiagatik, zentral anarkosindikalistak uste du aurtengo Martxoaren 8an “behartuta gaudela ez soilik eskubideak eskuratzeko zein generoen arteko berdintasun egiazkoa lortzeko bidean aurrera egitera, baita lehendik genituen eskubideak babestera ere (abortatzekoa, besteak beste). Ildo horretan, CNTk erabateko arbuioa adierazi dio “emakumeen autonomiaren aurkako eraso horri (botere politiko, ekonomiko eta erlijiosoaren alde atzerakoienek sustatua, bide batez)”.

Honakoa ere nabarmendu du: “Abortatzeko eskubidea deuseztatu nahi dute, kontuan hartzeke zer nolako ondorioak ekarriko lituzkeen horrela jokatzeak gure bizitzetan. Euren balio moralak (erreakzionarioak bezain kontrolatzaileak) ezarri nahi dituzte  pertsonengan, gorputzetan eta sexualitatean; hitz bitan: gure bizitzaren beste atal bat menperatu nahi dute, beraien interesen mesedetan”.

Era berean, sindikatua data honez baliatu da gogora ekartzeko New Yorkeko emakume behargin haiek: 1911ko martxoan suteak kiskalita zendu ziren ehun-lantegi batean; gerora, gertaera lazgarri hark Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna bihurtu zuen martxoaren 8a. CNTren esanetan, “Langile haiek, orduan, beren lan-eskubideen alde zebiltzan lehian; euren historiak balio du eta balio izango du inork ez ahazteko andrezkoak beti izan direla parte-hartzaile eraginkorrak borrokan”.

Oharra: honako lotura honetan eskura daiteke Emakume Langilearen Nazioarteko Egunari buruzko adierazpen osoa, CNTko Idazkaritza Iraunkorrarena.