CNTren talde bat sortu da Urola aldean

Print

CNTk iragarri du talde sindikal bat sortu berri dela Urola aldean, Gipuzkoan. Erakunde anarkosindikalistaren esanetan, “eskualde honen betiko ezaugarria izan da industrializazio-maila handia; gaur egun, ostera, langabezia handia eta enpresen deslokalizazioa pairatzen ditu, errukirik gabeko politika neoliberalen erruz”.

Zentzu horretan, sindikatuak salatu du Gipuzkoako eskualde horretan nabarmen handitu direla pobrezia eta gizarte-desberdintasunak, etxegabetzeak ugaritzearekin batera. Halaber, “Egoera hau are gehiago okertu da lan-baldintzak eskastu baitira, krisiaren aitzakiaz”. Hauxe ere erantsi du sindikatuak: “Eskualde hau gero eta pobreagoa da; izan ere, langabezia aski handitu da, zenbait enpresa ixtearen ondorioz. Enpresa horietako batzuek dirutza egin zuten beste garai batzuetan; gaur, aldiz, ez dute inolako zalantzarik diru hori lortzen -esfortzu handiz- lagundu zien jendea kaleratzeko orduan”.

CNTk ohartarazi du ezen “Corrugados itxi ostean, orain beste enpresa batzuk daude mehatxupean: Grumal taldea, Pemec eta beste zenbait, Fagor (orain arte) ahalguztidunaz gain. Zoritxarreko loteria da, eta gero eta jende gehiagori tokatzen zaio”. Beste alde batetik, sindikatuak nabarmendu nahi du “lanpostua galdu ez dutenak ere ez daudela askoz hobeto, lan-erreformek larriagotu egin baitute langileriaren egoera; gauzak horrela, orain langileak behartuta egoten dira lan-ordu gehiagotan aritzeko, diru gutxiagoren truke eta baldintza okerragoetan”. 

Zentral anarkosindikalistak, era berean, honakoa salatu du: “Bitartean, oinarrizko erosketen prezioa gora doa etengabe, eta horrek helburu bakarra du, argi eta garbi: pertsona ahaltsuen estatusa eta pribilegioak bere horretan geratzea edo hobetzea, nahiz eta, horretarako, besteen aurka egiten duten: pentsiodunak ekonomikoki suntsitu, osasungintza pribatizatu edota lan-baldintzak gogortu.

Zera ere azpimarratu du: “Egoera honen aurrean, antolatu beharra dago, eta horri begira sortu da talde konfederal hau; bertatik, elkartasuna adierazi nahi diegu sistema honen ondorio lazgarriak pairatzen ari diren herritarrei, direla langabetuak, direla erretiratuak, direla ikasleak edo etxeko andreak. Gure zeregina da sindikalismoan aritzea elkartasunean eta elkarrekiko laguntzan oinarrituta, ekintza zuzenaren bitartez. Izan ere, gutako bat kaltetzen badute, gu guztiok kaltetzen gaituzte”.

CNTk, bestalde, argi utzi gura du zerk bereizten duen bera gainontzeko sindikatuetatik: “Gure erakundeak asanbladen bidez dihardu; ez du inolako diru-laguntza publikorik jasotzen, eta bertan ez dago langile liberaturik. Bestela esanda: sindikatu asanblearioa gara, autogestionatua eta horizontala”.

Copyright 2012. http://www.cnt-sindikatua.org