Areces-eko batailan hildako antifaxisten omenez

Print

Otsailak 23an Areces-eko bataila gisa ezagutzen denaren 76. urteurrena izan zen eta CNTk askatasunaren alde Asturiaseko paraje haietan bizia utzi zutenak omendu nahi izan zituen, Isaac Puente batailoieko 40 militantetik gora eta bestelako militanteak. Erakunde anarkosindikalistak azpimarratu duenez, “Haiek guztiak borrokatu ziren militar, falangista, errekete, eliza katoliko, oligarkia eta kazikismoak gorpuzturiko faxismoaren aurka”.

Omenaldira hainbat lekutatik etorritako militanteak (Candás, Gijón, Oviedo, Donostia eta Bilbo) gerturatu ziren eta, eraildako heuren militanteen omenez, Valduno eta Vega de Anzo herriak elkartzen dituen zubitik, krabelinak eta kameliak jaurtiki zituzten Nalón ibaira. CNT sindikatua, Lau Haizetara Gogoan koordinadora memorialistaren parte delarik, Eusko Lurra Fundazioa eta Sare Antifaxistarekin batera izan zen omenaldian.

1937ko otsailean Asturiasera joaniko euskal brigada erakunde desberdinetako antifaxistez osatzen zen eta Eusko Abertzale Ekintzak (ANV) izan zuen protagonismorik gehien. Erakunde horren 120 gudari hil ziren askatasunaren alde. PNV eta UGTren hildakoak ere egon ziren, “baina badirudi ahaztu dituztela heuren erakundeetan” esan du CNTk.

Ekitaldiaren segidan, “pradón de los vascos” izenez ezagutzen den zelaira joan ziren partadideak, Areces-eko batailan hildakoen gorpuzkinak lurperaturik dauden lekura. Han hildakoak desobiratu eta beraien nortasun indibidual eta kolektiboaren aitortza hasi litekeen zelaia ezagutu zuten.

Eusko Lurra Fundazioa eta CNT bat etorri ziren ANV eta CNTren “askatasunaren aldeko borrokarekiko” konpromisoa aitortzerakoan. Horretaz gain, 1977ko Amnistia Legea salatu zuten, “hiltzaile faxistentzat puntu eta kito legea izateagatik”.