Bilboko Udaletxeak, sinbologia frankista mantentzen duen heinean, “Memoria Historikoaren Legea” urratzen du

Print

Lau Haizetara Gogoanek (Euskal Herriko talde memorialistak eta erakunde historikoak biltzen dituen koordinadora), Bilboko Udaletxea salatu du gaur, auzitegietan eta jendaurrean, 52/2007 Legea urratzen ari delako, “Memoria Historikoaren Legea” bezela ezagutzen dena hain zuzen ere. Legea onartu zela bost urte dira, Bilboko Udaletxeak jaramonik egin gabe jarraitzen du eta ondorioz, diktadura frankistaren gorespen elementuak mantentzen dira oraindik.

Gaur ostirala, 2013ko otsailaren lehena, Lau Haizetara Gogoanek Bilboko Udaletxearen aurkako salaketa bat aurkeztu du, 52/2007 Legea (“Memoria Historikoaren Legea” bezela ezaguna) ez baitu betetzen eta erregimen frankista eta bere erantzuleak goresten dituzten zenbait elementu (armarriak, plakak, oroitarriak eta abar) mantentzen baititu hiriko eraikuntza eta kaleetan.

Salaketa aurkeztu ondoren, Lau Haizetara Gogoaneko ordezkariek emaniko prentsaurrekoan, Bizkaiako hiriburuan diktaduraren gorazarrea dagiten ikurrak egotea nabarmendu dute:

- Rafael Sánchez Mazas, Falange Española-ren sortzailea eta errepresio maila gorena eman zen garaian, diktaduraren ministroa zenari eskeiniriko pasealekua.

- Bilboko Hilerrian (Derion), “Caídos por Dios y por España”koei eskeiniriko oroitarria, hau da, 1936ko uztailak 18ko altxamendu militarra babestu zutenen gorazarrerako monumentua.

- Bilboko Vista Alegre zezen plaza.

- Moyua Plazako Ogasunaren eraikuntzan, harrizko arrano inperiala (frankisten gorespen ikurra).

- Uztarria eta geziak bezelako sinbologia duten Frankisten Etxebizitza Ministerioaren plaka ugari.

52/2007 Legea nahitaez bete beharrekoa da, Udaletxeak gai honekiko har ditzazkeen erabakien gainetik baitago. Legea onartu zenetik bost urte igaro dira eta Udaletxeak ez du ezertxo ere egin. Are gehiago: Iñaki Azkuna alkateak publikoki adierazi du ez duela horrelako ezer egiteko asmorik. Lau Haizetara Gogoanetik behin eta berriro saiatu gara gai honetaz hitzegiteko udal ordezkariekin biltzen eta ixiltasuna izan da jaso dugun erantzun bakarra.

Hau guztiarengatik, Lau Haizetara Gogoan Bilboko epaitegietan salaketa bat jarri beharrean izan da, auzitegiek legea betearazi dezaten.

Copyright 2012. http://www.cnt-sindikatua.org