Bilboko alkatearen jarrera arrazistetaz ohartarazi du CNTk

Print

Aste honetan Iñaki Azkuna Bilboko alkateak enpresari eta politikari talde baten aurrean eginiko adierazpenak higuingarri eta xenofobotzat jo ditu CNTk, bere ezaugarriak dituen pertsonai baten berezkoak. Komertzio txikiaren krisia asiar pertsonek irekiriko dendekin elkarlotu zuen politikari bilbotarrak eta bertako dendariei igande eta jaiegunetan ireki nahi ez izatea aurpegiratu zien. “Laburbilduz, beste azkunakeria berri bat” azaldu du erakunde anarkosindikalistak.

“Krisiaren benetako erantzuleen aurrean –azpimarratu du CNTk- Azkuna beste behin biluzi da: enpresarien polizia bilakatzea nahikoa ez, eta dendari txikien aurka oldartu da, lanaldi bukaezinak egiteko prest ez izatea leporatuz”. “Esklabu otzanerrazak” nahi ditu Bilboko alkateak eta, bere aburuz, horretara ukatzen dena hil dadila gosez.

Erakunde anarkosindikalistaren eritziz, “hiriko komertzio guztiak igande eta jaiegunetan irekitzea nahiko luke alkateak. Beharbada, zortzi ordutako laneguna laburregia irudituko zaio eta litekeena da enpresariei kaleratzeko malgutasun eta erraztasun gehiago opatzea”. Bere esanetan, “PPren lan erreforma bilbotar alkateari primeran datorkiola dirudi”.

Bestalde, CNTk azpimarratu nahi izan duenez, “alkatea berbiluzi den honetan, bere alderik xenofoboena erakutsi digu. San Frantzisko auzoa bideokameraz josi ondoren, orain txinatar komunitatearen aurka oldartzen da”. CNTren esanetan, oraindik ere horrelakorik argitu behar izatea tamalgarria bada ere, “langileriaren etsaiak ez dira pertsona etorkinak”.