Rajoy-ren lan erreforma: langileon eskubideen aurkako beste eraso bortitz bat

Print

Kaleratzea merketzen du, zabor-kontratu mota gehiago sortzen ditu, enpresek hitzarmen kolektiboak alboratu ditzaten erraztasun gehiago ematen ditu, kaleratze kolektiboak eta EREak gauzatzeko baldintzak malgutzen ditu, gaixo diren langileek baja har ez dezaten presio neurri gehiago ezartzen ditu, enpresarientzako hobariak haunditzen ditu eta arlo publikoan diharduten langileen kaleratzea errazteko arau berriak bultzatzen ditu.

2011ko abenduak 30eko “dekretazoak” gastu publikoaren murrizketa latz bat, NUIZaren (IRPF) igoera, enplegu publikoaren izoatea… ekarri zituen. 2012ko urtarrilak 25ean, CCOO, UGT eta CEOEren akordio deitoragarriak datozen urteetan langileok erosteko ahalmena galtzen joatea ahalbidetu zuen, enpresariek lan baldintzak nahierara aldatzeko gaitasun gehiago izango dituzten bitartean. Eta orain, langileon eskubideen aurkako gobernuaren beste eraso berri bat eman da.

Erreformaz erreforma, pausuz pausu, kapitala eta bere interesak defendatzeko gobernuan txandakatzen diren txotxongiloak (González, Aznar, Zapatero, Rajoy) langileok oraindik ditugun eskubide bakanak inpunitate osoz ezabatzen doaz.

Iragarri zuten moduan, erreforma oso erasokor bat dugu hau. Orain arte mugagabeko kontratuetan ematen zen kaleratzearengatiko kalteordaina (45 egun urteko, 42 hilabetez gehienaz) nabarmen murrizten da (33 egun urteko, 24 hilabetez gehienaz). Urteko 20 eguneko kalteordainezko kaleratze objektiboaren kausak zabaltzen ditu: bederatzi hilabetez egoera kaltegarrian direla argudiatuz, enpresek kaleratze mota hau erabili ahalko dute. 50 langiletik behera dituzten enpresentzat kontratu mugagabe mota berri bat ezartzen da; kontratu mota honek urtebeteko proba epe bat izango du eta epe horretan enpresariak kalteordainik ordaindu gabe eta arrazoirik eman behar gabe kaleratu ahal izango zaitu. Lanaldi partzialerako kontratua desarautzen du: lanaldi partzialean ari diren langileek lanordu estrak eman ahalko dituzte. ABLEak (ETT) enplegu zerbitzu publikoekin parekatzen ditu. Enpresariek oraindik eta ahalmen gehiago izango dituzte lan baldintzak nahierara aldatzeko: lanaldia aldatu ahalko dute, mugikortasun funtzionala kategoria ezberdinen artean ezarri ahalko dute. Enpresariek hitzarmen kolektiboak aintzat ez hartzea erraztuko da eta hitzarmenen luzapen automatikoak bi urteko indarraldia bakarrik izango du. Kaleratze kolektiboak erraztuko dira eta EREak gauzatzeko enpresek ez dute administrazioaren oneritzirik beharko. Diru laguntzak jasotzen dituzten langabetuek komunitatearen onurarako lanak bete beharko dituzte. Patronalaren mutualitateek baja hartzen duten langileak kontrolatu eta presionatzeko duten boterea areagotuko da. Enplegurako formazio sistema aldatzen da. Kontratazioa bultzatzeko aitzakiarekin, enpresarientzako hobari berriak ezartzen dira. Langileen aurkako neurri guzti hauek kontrapuntu bakarra izango dute, Zapatero-ren gobernuak berriki onartu zuen aldi baterako kontratuen kateatze mugagabearen debekatzea alegia.

Laburbilduz, Zapatero-ren gobernuak harturiko neurri ustel sorta zabaldu eta sakondu egingo da. Lanpostuak sortzeko aitzakiarekin kaleratzea merketu eta erraztea, langabeziaren aurka borrokatzeko arlo publikoa berdimentsionatu eta milaka langile kaleratzea edo enpleguaren kalitatea bermatu eta negoziazio kolektiboa modernizatzeko XIX. mendeko lan erlazio eredura itzultzea astakeri hutsak dira.

Erreforma honek ez du enplegu gehiago sortuko. Guzti honekin lortuko dena langabeziaren hazkundea, lan prekarietatearen areagotzea, soldaten murrizketa eta lan erlazioen narriadura ankerra izango da.

Erreforma hau ez da ez bidezkoa ez zilegizkoa, inmorala baizik eta langileon oinarrizko eskubideak lotsagabeki erasotzen dituen heinean, CNTtik eraso berri honen aurkako matxinada eta borrokarako deialdia luzatzen diegu langile guztiei.

Copyright 2012. http://www.cnt-sindikatua.org