CNTren ikuspegia Enplegu publikoa eta lan-baldintzak hobetzeko II Hitzarmenaren inguruan

Print

  • Gobernuaren eta estatuko sindikatuen artean sinatutako Funtzio Publikorako Estatu Hitzarmenaren balorazioa egin du Erakunde anarkosindikalistak.
  • “Salatzen dugu hitzarmena ez da nahikoa”, horixe azpimarratu du CNTk, eta halaber, “sindikatu sinatzaileek hitzarmen hau Euskadiko eta Nafarroako sektore publikora ekarri nahi izateko arriskua dago”.

Aurreko martxoaren 9an, Ogasun Ministerioak eta sektore publikoaren gizarte-atalaren ordezkaritza duten erakundeek osatutako mahaiak (CCOO, UGT eta CSIF) enplegu publikoa hobetzeko II Hitzarmena sinatu zuten. Hitzarmen honen aurrekaria iazko martxoaren 29an iritsitako ituna da, bertan lehen aldiz puntu zehatzak zehaztu zirelarik.

Hitzarmen hau lehen aurrerapena izan da negoziaziorik gabeko hamarkada baten ostean, zeinetan austeritatearen agenda politikoak ezarritako murrizketak aplikatzera mugatu baitira gobernuak. Hitzarmenak hainbat alderdiri eragin dio:

Soldatak:

% 6,1eko soldata igoera finkatu da 2020ra arte, BPG espainiarraren igoeraren araberako aldagai bat gehituta eta defizitaren helburua betetzearen baldintzapean. Kasurik onenean, guztira % 8,8ko igoerara iritsiko litzateke.

Enplegua:

Gobernuak ezartzen dituen aurrekontu egonkortasun helburuen araberako ordezkatze tasak finkatuko dira. Honakoak izan daitezke tarteak: helburuak betetzen ez dituzten lehentasunik gabeko zerbitzuetan % 75ekoak; betetzen dituzten tokiko administrazioetan, aldiz, % 110ekoak. Hitzarmenak lanpostuen % 100eko egonkortasun konpromisoa du barne, azken hiru urteotan aldi baterako lan-kontratu bidez modu jarraituan bete diren lanpostuen kasuan.

Lanaldia:

Hitzarmenak bere barnean du 35 orduko lanaldia berreskuratzeko aukera, edo 18 irakats-ordu irakasleen kasuan, beti negoziazio kolektiboaren testuinguruan eta baldin eta defizitaren helburuak betetzen badira. Horrez gain, lana adingabeak eta mendetasuna duten pertsonak zaintzearekin bateragarri egiteko neurrietan aurrerapenak egiteko bidea zabalik utzi da.

Beste hainbat neurri:

Aipatutakoaz gain, Aldi baterako Ezintasunaren osagarri ekonomikoaren % 100 berreskuratzeko aukera aurreikusten da, langileen prestakuntzan hobekuntzak, formazio planei lotutako konpromisoa, eta zenbait kolektibori erretiro partzialak proposatzeko aukera. Hori guztia lotuta dago esparru bakoitzean negoziazio kolektiboaren bidez hitzartzen denarekin.

Murrizpen eta atzerapenen hamarkada honen ostean, CNTn oso labur ikusten ditugu aurrerapen hauek, hainbat arrazoi direla eta:

  • Zorraren mozalak sektore publikoaren lan-baldintzak itotzen segitzen du. Negoziazio kolektiboaren hitzarmenak zorraren helburuak betetzera baldintzatzeak irizpide antisoziala txertatzen du bertan, zorra baita lehentasuna gizarte eta lan eskubideen aurretik. Erosteko ahalmena oso modu mugatuan berreskuratzen da, kontuan hartuta hamarkada honen hasieran zenbateraino zabaldu diren lanaldiak eta nolako murrizpenak izan diren soldatetan. Proposatutako igoerak horiek izanik, tazituki onartzen da lehengo egoera ez dela berreskuratuko, 2020 urtea pasa arte gutxienez.
  • Soldata igoerak KPItik askatzea: beste trikimailu bat. Bereziki harritu gaitu soldata igoera BPGren hazkuntzari lotzeak, adierazle honek ez baitu eraginik gure eguneroko bizitzan, eta bai beste adierazle batzuek, KPIak besteak beste. Sektore publikoko soldaten igoerak KPItik askatuz, oinarrizko baliabideak garestitzearen aurrean eraginik ez izatea eragin dezake, etxebizitza kasu.
  • Ordezkatze-tasek eta egonkortasun konpromisoek erabat murriztuta dauden zerbitzu eta administrazioentzat arnasaldia ekar dezakete. Baina ezin da modu isolatuan egin; beharrezkoa da, neurri horiekin batera, administrazioa hornitzeko eta zerbitzuen azpikontratazioa lehengoratzeko erabaki irmoa egotea.
  • Estatu polizial eta errepresiboaren alde egitea: hitzarmen-eremu berean, errepresio-kidegoen % 115eko ordezkatze-tasa onartu da, maila guztietan. Tasa hau beste edozein administrazio-ataletako kasurik onena ere gainditzen du. Datu honek, errepresio-kidego zehatz batzuetarako iragarri den soldata igoera orokorrarekin batera, ulerrarazten du eredu autoritario eta poliziala Estatuko mugimendu guztietan barneratzen ari dela.

Hausnarketa horiez gain, CNTn adierazi behar dugu funtzio publikoaren lan-baldintzen hobekuntza zerbitzu pribatizatuak dituzten enpresetara ere eraman behar dela. Horretarako, enpresa txikienean ere sartzeko moduko eredu sindikal bat eskaintzen dugu, langileriaren eskubide kolektiboak hobetzeko, eta esplotatzaile pribatu batentzat lan egiten duten beharginen eta administrazioarentzat lan egiten dutenen arteko eskubide-arrakala saihesteko.

Batzorde Konfederalaren Idazkaritza Iraunkorra

Copyright 2012. http://www.cnt-sindikatua.org