Hezkuntza Publikoaren inguruan

Print

Iturria: EcuadorEtxea

 

  • CNTk Euskal Autonomia Erkidegoan hilaren 14 eta 15ean egingo den greba babesten du.
  • Erakunde anarkosindikalistak beren iritzia plazaratu nahi du, azpimarratuz lan gatazka eta klase gatazka agerian direla.

(Argazkiaren iturria: Ecuador Etxea)

Martxoaren 14 eta 15erako hezkuntza publikoan greba deitua dagoenez, CNT sindikatuak iritzia plazaratu nahi du. “Grebarekin bat egiten dugu”, aditzera eman du erakundeak. “Lanari eta hezkuntzari dagozkien aldarrikapenak argi daude”, azpimarratu du; hala ere, komunikatu honen bitartez, egoeraren hausnarketa, aldarrikapenak eta deialdia ezagutzera eman nahi izan du sindikatuak.

Hezkuntzan lan egiten duten CNTko afiliazioak hezkuntza publikoaren azaleko hausnarketa bat egin du, zeinean “hezkuntza publikoaren eta pribatua/itunpekoaren arteko aukera, segregazioa, lan gatazka eta klase arazoa, aldarrikapenak eta Sailaren proposamenak” aztertzen diren. Hurrengo lerroetan irakur daiteke analisi hori.

Bukatzeko, mobilizazioen eragin positiboa azpimarratu du, “ezin baitira ulertu Hezkuntza Sailaren aldetik ematen ari diren mugimenduak pasa den urteko grebak eta etenaldiak kontutan hartu gabe”, esan du CNTk.

 

Hezkuntza publikoaren egoera

CNTren hitzetan, “hezkuntza publikoan lan egiten dugunok ondo baino hobeto ezagutzen dugu honen gainbehera”. Ikastetxe publikoetan kalitatezko hezkuntza eskaintzea gero eta zailagoa da eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saila “honen erantzule zuzena da”.

 

Hezkuntza publikoa eta pribatua/itunpekoa arteko aukera

“Gurasoek, euren seme-alabentzat onena nahi dutelarik, aukeraketa egin dute”, aipatu du CNTk: Gutxi gora behera erdia publikora eta beste erdia pribatura doa. Hala ere, askok pribatua ordaindu ezin dutela jakinda, aukera argi dago: euskal gizarteak hezkuntza publikoa txarragoa dela uste du. “Geure buruari egin behar diogun galdera da zergatik hau gertatzen den”, erakunde anarkosindikalistaren hitzetan.

 

Segregazioa

Hezkuntza kalitatea baldintzatzen duen ezaugarrietariko bat segregazioa da. Ezinezkoa da kalitate bera eskaintzea oso egoera sozio-ekonomiko eta kultural ezberdina dituzten taldeei. “Segregazio honek hezkuntza publikoan du eragin handiena”, aipatu du.

 

Lan gatazka eta klase arazoa

Hau guztia ikusita, gatazka honek bi aurpegi dituela esan dezakegu: lan gatazka, Eusko Jaurlaritzaren eta langileon artekoa alde batetik; eta klase gatazka bestetik. Klase gatazkaren inguruan, aipatu behar da ikasleria ez dela era homogeneoan banatzen publiko eta pribatuaren artean. “Banaketa horretan klase ezaugarria da garrantzitsuenetarikoa”.

CNTren ustez, “maila ekonomikoaren araberako segregazioa eta ustezko hezkuntza kalitate ezberdintasuna nahasten baditugu ez dugu ezer onik lortuko”. Klase ezberdintasunen areagotzean oinarritutako diskriminazioa eta, limiteko hainbat kasutan, kriminalizazioa ere sustatzen ari da.

Beraz, aldarrikatu beharreko lehenengo gauza ikasleen segregazioa diru publikoarekin finantzatzeari uztea da.

 

Mobilizazio deialdia

Badakigun bezala, martxoaren 14an eta 15ean ELAk eta STEILASek grebara deitu dituzte hezkuntza publikoko langile guztiak. LABek, aldiz, sektoreko langile gehienak.

Guk ere, greba honekin bat egiten dugu. Sektoreko langile guztiei deia egiten diegu egun horietako greba eta mobilizazioetan parte hartu dezaten.

Hurrengo asteetan ere, bestelako mobilizazioak deitu dituzte. Testu hau idazteko unean hauen inguruko informazio askorik ez daukagunez, honen zain geratzen gara. “Beharrezkoa ikusiz gero, horren inguruko deialdi espezifikoa kaleratuko genuke”, sindikatuak esan du.

 

Aldarrikapenak

Sindikatu deitzaileek esplizituki esandakoak direlako edota eztabaida foro ezberdinetan jorratu direlako, aldarrikapenekin orohar bat egiten dugu.

Lanari dagozkien aldarrikapenak hauexek dira:

  • Ikasle/irakasle erratioak txikitu.
  • Bajak lehenengo egunetik ordezkatu.
  • Irakaskuntzako lanpostuak egonkortu.
  • Erretiroa erraztea.
  • Bajan soldata osoa kobratzea.
  • LOMCE eta Heziberri legeak hezkuntzako eragile guztien artean egingo diren lege berriekin ordezkatu.
  • Etorkizuneko lege hauek egonkorrak izan beharko lirateke.
  • Erlijioa(k) hezkuntza publikotik desagertzea.
  • Irakasleak pedagogia berritzaileetan formatzen lagundu.

Hezkuntzari dagozkion aldarrikapenak hauek dira.

  • Hezkuntza kalitatea bermatu.
  • Kalitatezko hezkuntza sistema publikoa bultzatu.
  • Segregazioari era eraginkorrean aurre egin.

 

Eusko Jaurlaritzaren proposamenen aurrean

Eusko Jaurlaritzak aurten hainbat proposamen egin ditu:

  • Datozen urteetarako oposaketak egin lanpostu asko betetzeko.
  • Lehen hezkuntzako bajak lehen egunetik ordezkatuko ditu.
  • Lanpostu gehiago sortu.

Honen inguruan hiru gauza:

  • Ez dira batere nahikoak.
  • Iazko grebengatik izango ez balitz pentsaezina izango litzateke Hezkuntza Sailak horrelakorik proposatzea.
  • Greba hezkuntza sistema publikoa hobetzeko modu eraginkorra dela argi geratu da.

Copyright 2012. http://www.cnt-sindikatua.org