Hartzekodunen konkurtsoa ST3 Elkartean: erdi-egiak, erdi-gezurrak eta ahanztura handiak

Print

  • EDE Taldeko zuzendaritzak hartzekodunen konkurtsora eroan du enpresa, langileekiko zorrak urtetan kitatu gabe.
  • "Arduradunek informazio ez-osoa ematen dute, beldurra sortzearren", esan du sekzio sindikalak.


ST3 da EDE Taldearen enpresetako bat, zeina berriki sartu den hartzekodunen konkurtsoan. CNTk adierazi duen moduan, "EDE Taldeko arduradunen bertsioak informazio asko ezkutatzen du; horrela, badirudi eurek hartu duten erabakia saihestezina dela".

Arduradunek emandako informazioak ardaztzat hartzen du enpresaren iraunkortasuna, eta albo batera uzten ditu pertsona kaltetuen egoera eta etorkizuna. Gainera, sinetsarazi nahi dute halabeharrezkoa izan dela ST3 hartzekodunen konkurtsora eramateko erabakia, entitatearen emaitza ekonomikoak direla eta, "berezko zorigaitza balitz bezala, non ezin baitzaio kontra egin; baina ez dute esaten erabakia hartzeko unean beste aukera posible asko zeudela", adierazi du sekzio sindikalak.

Egoera honetara nola iritsi garen kontatzean, EDE Taldeko arduradunei ahaztu zaie "zehaztasun" txiki batzuk azaltzea:

  • Taldeko beste entitate eta arlo batzuek emaitza negatiboa izan dutela denbora luzez, eta, halere, bestelako erabakiak hartu dituztela kasu horietan.
  • Ordainketei aurre egiteko ST3ren baliabide-eskasia Patronatuaren Batzarraren erabaki baten ondorioa dela: eurek utzi zuten entitatea taldeko enpresa guztientzat diren baliabide komunetatik kanpo. Gai honetaz, gogoan izan behar da soilik EDE Fundazioak duela kreditu-lerro propioa; taldearen gainontzeko entitateak haren transferentzien mende daude epe laburreko ordainketei aurre egin ahal izateko. Alegia, taldeko hiru entitatek ez lukete altxortegi nahikorik izango epe laburreko ordainketei aurre egiteko, kreditu-lerro hori eskura eduki ezean.
  • ST3ren 2016ko emaitza negatiboa (90.000 € baino gehiago) aski berria da, eta baditu zenbait arrazoi: besteak beste, EDE Taldeko arduradunek animatu egin zituztela ST3ko langileak pagak eskatzera, aurretik uko egin bazieten ere. Ekintza horren helburu bakarra zen zorra sortzea, eta aitzakia zen langileen egoera ekonomiko larria hobetzea, ez zutelako kobratu urrian eta ez zegoelako batere asmorik azaroan ere soldatak ordaintzeko.
  • Horrela, ST3ko langileek kobratu gabeko pagak eskatzeak aukera eman zion EDE Taldeari legez ziurta zezan bere ezintasuna zorrak kitatzeko, eta hori ezinbesteko baldintza da hartzekodunen konkurtsoa eskatzeko.
  • ST3ren egoera ekonomikoak, dena den, badu beste sorburu bat: kontratu ez-idatzi bat da, zeinaren arabera EDE Taldeak ezartzen dituen ST3n kontratatzen diren orduen prezioa eta kopurua, beti ere merkatu-prezioaren oso azpitik. Baldintza horiek izugarrizko eragin kaltegarria dute ST3ren emaitzetan.

EDE Taldeko arduradunek informazio-bileretan ahaztu bide dituzten "zehaztasun" horiek beste modu batean ikusaraz diezagukete ST3ren oraingo egoera, eta eraman gaitzakete ulertzera hartzekodunen konkurtsoa bilatu dutela ST3 itxi ahal izateko eta, era horretan, langile gehienak botatzeko ahalik eta kosturik txikienaz.

Aurreko guztiaz gain, EDE Taldeko arduradunen bertsioaren arabera, sindikatuak dira ST3 "salbatzeko" oztopo nagusia. Ahazten bide zaie epaitegiek sindikatuei eman dietela arrazoi helegite gehienetan, enpresak proposaturiko "konponbideek" behin eta berriz urratzen zituztelako langileen eskubideak. Gauzak horrela, eta ST3ri dagokionez, azken urteotan epaitegiek honako hauek ebatzi dituzte: enpresak langileak jazarri egin dituela jarduera sindikala egiteagatik, aldebakarreko neurriak hartu dituela negoziazio-eskubidea urratuta, bere jardunean ez duela kontuan hartu enpresa-taldea osatzen dugula dioen epai finkoa, etab.

Zer pentsatua ematen du: bere burua sozialtzat hartzen duen enpresa batek langileen eskubideak errespetatu beharrari egozten dio.

Copyright 2012. http://www.cnt-sindikatua.org