Maiatzak 13 eta 14, XIII. Liburu anarkistaren azoka Bilbon

Print

Maiatzak 13 eta 14, Bilboko Azaroaren 25eko Plazan –Bailen kalearen ondoan eta FEVE geltokiaren aurrean- XIII. Liburu Anarkistaren Azoka egingo da eta berriro hiri honetara liburu libertario asko ekarriko dira. “Aukera paregabea da anarkismoak, gizarte libre bat lortzeko, eskaintzen dituen proposamen eta alternatibak ezagutzeko” nabarmendu du erakunde anarkosindikalistak.

Azoka karpa estalki batean egingo da eta han argitaletxe batzuk egongo dira. Han bertan ere, CNT eta UGTk deitutako 1917ko Greba Orokor Iraultzailearen programaren kopiak banatuko dira.

“Uste dugu garrantzitsua dela borrokan lehenago egon ziren langileen helburuak ezagutzea”, azpimarratu du erakunde anarkosindikalistak. Ildo horretan, nabarmendu du “bizi garen garaietan, nahiz eta aldaketak gizartea hobetzeko ezinezkoak eman, ideia hauek bizirik daudela”. “Hori dela eta, borrokalari haiek, orain dela 100 urte eskatzen zutena,  berriro jakitera ematen dugu. Berdintasunezko eta bidezko gizartea lortzea posiblea delako, baina sinetsi behar dugu. Hori da lehenengo pausua”, esan du.

Halaber, Liburu Anarkistaren Azokan hitzaldi batzuk egingo dira. Larunbatean, hilaren 13an, eguerdiko 12:00etan “La España Rojinegra. La insurrección anarquista de diciembre de 1933” Fermin Escribanok idatzitako liburuaren aurkezpena izango da. Arratsaldeko 17:00etan “Durruti en la revolución española” berrargitalpenari buruzko hitzaldia egingo da eta Jose Luis Gutierrez Molinak parte hartuko du. Egun horretan bertan, 18:30etan, Sonia Turonek “Mujeres Libres, dos simples palabras para una revolución” gaiari buruz hitz egingo du.

Igandean, eguerdiko 12:00etan, CNTko militante historikoa izan zen Felix Padinen bizitzari buruzko liburuaren aurkezpena egingo da: “Memoria de un anarquista bilbaíno”. Egileetako bat den Jose Ignacio Orejasek, liburua  aurkeztuko du. Jarraian, eguerdiko 13:30etan, Josekrust idazleak bere poema-bilduma “Zona Espacial Norte” aurkeztuko du.

Postuak irekita egongo dira larunbatean goizeko 10:30etatik arratsaldeko 20:00etara eta igandean 10:30etatik 15:00ra.

Copyright 2012. http://www.cnt-sindikatua.org