Mediapost-ek bederatzi langile kaleratu ditu

Inprimatu

CNT sindikatuak kaleratze sorta berri bat salatu du publizitate banatzaile den Mediapost multinazionalean. Aurreko ostiralean bederatzi langile -horietatik hiru CNT sindikatuko kideak- kaleratuak izan ziren aurre-abisurik gabe. Sindikatuak baieztatu duen moduan, “enpresak lan erreformari probetxua atera nahi dio, irabazien jaitsiera eta galeren aurreikuspena argudio moduan erabiliz”.

Mediapost-ek Bizkaian dituen langileen kontra egiten duen lehenengo aldia ez dela gogorarazi du CNT-k. “Pasa den ekainean, beste bost langile kaleratu zituzten, bidegabeko iraizpenak izan zirela onartu da gerora”. “Langileriaren aurkako etengabeko eraso” hauen aurrean, zuzendaritzari beste enpresak eta autonomoak subkontratatu izana leporatu dio sindikatuak.

CNT-k adierazi duenez “Mediapost-ek irabaziak ditu, eta orain kaleraketen eta esplotazio baldintzen bitartez handitu nahi ditu”. Testuinguru honetan, sindikatu anarkosindikalistak multinazionalaren estrategia merkeago kontratatzea dela salatu du. Egoera hau Mediapost-ek oraingo langileek lan egiten zuten bi enpresak bereganatu zituenetik errepikatzen dela salatu du CNT-k. “Mediapostek bi enpresen kontrola hartu zuenetik 90 langile izatetik, 30 izatera pasa gara”, azpimarratu du.

Guzti honengatik, sindikatu honek, neurri hauei aurre egiteko langileriaren batasuna eskatu du. Era berean, CNT-k Mediapost-en duen sekzio sindikalak beste sindikatuei “egoerak eskatzen duen mailan aritzea eta lanpostuak defendatzea”, eskatu die.