EDE Taldeak hiru sindikalista kaleratu ditu; haietako bi, CNTkoak

Print

EDE Taldea entitateak gizartegintza du lan-eremua, baina azken boladan gogortu du bere langileekiko gatazka. CNTk agertu duen bezala, enpresa horrek plantillako hiru langile bota ditu, horietako bi sindikatu honen kide. Zentral anarkosindikalistaren esanetan, “beste eraso baten aurrean gaude, langileriaren eskubiderik oinarrizkoenen aurka”.

3 kaleratuek EDE taldearen enpresetan egiten zuten lan. CNTko militanteen kasuan, batek ST3n ziharduen; besteak, Suspergintzan. Hirugarrena emakumea eta beste sindikatu bateko kide da; orain dela gutxira arte, langileen ordezkari ibili da ST3n.

Gauzak horrela, CNTk adierazi du bere bi kide horiek egunero aritu izan direla zeregin sindikaletan enpresa barruan, eta, horregatik, “larriagoak direla kaleratzeak”. Halaber, “hiru horietako bik bilera baten ostean jaso zuten kaleratze-gutuna; lehen bilera zen ST3ren eta enpresaren arteko negoziazio baten barruan, eta lankideek biak aukeratu zituzten negoziazio-batzordeko kide”. Ildo horretan, “ez dugu uste kasualitatea denik, alderantziz baizik: horrexetan datza kaleratzeen arrazoia”.

Hori guztia dela eta, erakunde anarkosindikalistak ohartarazi du “enpresa saiatu dela pertsona deserosoak erditik kentzen, bai eta gainontzekoak beldurtzen ere, euren eskubideen alde borroka eginez gero. Horrela, berriro geratu da agerian zein den entitatearen jokaera: pertsonak omen dira garrantzitsuena haientzat, baina ez dute errespetatzen besteek eskubidea dutenik desadostasuna erakusteko, edota bestelako iritziak era aktiboan defendatzeko”.

Edonola ere, CNTk azpimarratu du hiru kaleratzeok “ez dutela lortuko erakunde honen kideak beldurtu edo kikiltzerik. Aitzitik, borrokarako hiru zio gehiago dugu gaurtik”.

Copyright 2012. http://www.cnt-sindikatua.org